AGENDA

Donostiako Tabakalerak ateak zabaldu dizkio industria diseinuari

Orain diseinua! Euskadi eta industria izenburupean, euskal industria izango da ardatz Donostiako Tabakaleran ikusgai jarri den erakusketan.

Erakusketan 40 euskal enpresen ehundik gora pieza industrial jarri dira ikusgai eta datorren 2020ko otsailaren 9ra bitarte egongo da jendaurrerako irekita. Enpresen artean daude, besteak beste, Caf, Irizar, Cristobal Balenciaga Museoa, Mayer Group, Orbea Kopoperatiba,Ternua edota Boinas Elosegi ere.

Industria produktuak ikus daitezke, euskal enpresetan ekoizten denaren lagin bat, hain zuzen ere. Horrekin, euskal enpresek ekoitzitako produktu industrialak ez ezik, Euskadiko diseinuaren historiara hurbilketa bat da.

Erakusketa lau ataletan dago banatuta, XIX. mende amaieratik gaur egunera arteko ibilbide bat proposatzen du, gaur egun gure lurraldean eta bibliografian barreiatuta dagoen gure industriaren historia modu kronologikoan jasoz. Ikusgai jarri diren diseinuak edota lagin industrialak, artisautza, armagintza, makina erreminta, eraikuntza edota ehungintza sektoreko piezak dira, baita kirolarekin lotutako diseinuak ere, bilduma publiko zein pribatuetatik jasotakoak.

Gillermo Zuaznabar da erakusketaren komisarioa eta bere ustez, erakusketa hau aldarrikapen bat da, euskal enpresa zein gizartearentzat beharrezko dena. “Euskadiko diseinu industrialaren definizio propioa behar baitute euskal enpresek datozen urteetan hartu beharreko norabidea zein de jakiteko”, argitzen du Zuaznabarrek.

Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariak adierazi duenaren arabera, bestalde, “Tabakelerak sormen-industrialak inspiratu eta erakarri nahi ditu kultura garaikidean ekarpen gisara, eta erakusketa honek kultura, industria eta ekonomiaren arteko zubiak sortzeko beste urrats bat izan nahi du”.

Ekimen berritzailea da berau, Mugak Euskadiko Arkitekturaren Nazioarteko 2. bienalaren baitan garatu dena; Gipuzkoako Forua Aldundiak eta SPRI, Eusko jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituren saileko enpresa garapenerako lankidetzarekin.

Informazio gehiagorako, jo ezazue Tabakalerak duen web orrialdera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button