AGENDA

Dario Urzayren obra ineditoaren erakusketa, Michel Mejuto galerian

New York, 1990 izenburupean, paper eta mihise gaineko 21 lan aurkezten ditu artistak, 90eko hamarkadaren hasieran New Yorken egindako egonaldiaren lehen hilabeteetan egindakoak. Bertan, garai hartako hiriaren estetikak eta hiri-giroak artistarengan izan zuen eragina islatzen dute obrek.

Bi hamarkada pasa dira Dario Urzayk bere lanak Bilbon ikusgai jartzen ez dituenetik, eta erakusketa honek bere jaioterrirako itzulera suposatzen du. Izan ere, Urzayren erakusketak 80ko hamarkadako belaunaldira hurbilduko du Michel Mejuto galeriaren programazioa.
Arte galeria honetako arduradunen esanetan, “gaur egungo ezagutzaren argitan, XIX. eta XX. mendeetako arte historikoa berrikustea da gure asmoa, belaunaldi horrek funtsezko zeregina duelako XX. mendeko bigarren zatiko euskal artearen bilakaeran, eta batez ere,  gaur egungo artista gazteen artean bere eragina zabaltzeko orduan “.

Erakusketaren harira, gainera, paperezko eta formatu digitaleko katalogo bat argitaratu du galeriak, erakusketako lanak erreproduzitzen dituena, Txomin Badiola idazlearen testu batez lagunduta.

Dario Urzay (1958) Bilbotarra da jaiotzez.  Arte Ederretan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean, eta irakasle gisa ibili zen unibertsitate berean. 1988an ordea, New York hirira joan zen, eta bederatzi urtez New York eta Bilbo izan zituen bere jardueraren hiriak. 1983an Gure Artea saria eskuratu zuen; 2005ean Arte Grafikoaren Espainiako Sari Nazionala eta Excellence Work Award saria Beijingeko Bienalean. Gainera, Munduko hainbat museotako bilduma garrantzitsuenen fondoetan aurkitu daitezke bere obrak, esaterako, Guggenheim Bilbao Museoan, Bilboko Arte Ederren Museoan, Madrilgo Reina Sofia Museo Nazionalean, Londreseko La Deutsche Bank Collection museoan, Bartzelonako Arte Garaikidearen Museoan eta Arte Garaikidearen Funts Nazionalean, edota  Norvegiako Holm museoan ere.

Erakusketa berriak gaur 19:00etan zabalduko ditu ateak eta azaroaren 9ra egongo da ikusgai. Bertako ordutegiak eta gainerako informazioa duzue, Michel Mejuto arte  galeriak duen web orrialdean (gazteleraz eta ingelesez).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button