ESZENA

Dferia, arte eszenikoen jaialdia Donostian

Gaur, martxoak 18, DFeria Arte Eszenikoen XIX. jaialdia hasiko da Donostian. Izan ere, atzo Hika Teatroa konpainiak Hitzak lana taularatu zuen Antzoki Zaharrean jaialdiaren aurreneko hitzordu gisa. Jaialdian, gainera, jarduera paraleloak ere izango dira, tartean, hitzaldiak eta mahai-inguruak.

Egitarau nagusiari dagokionez, gaur, El hijo del acordeonista Bernardo Atxagaren izen bereko eleberriaren egokitzapena antzeztuko du Tanttaka konpainiak Victoria Eugenia Antzokian, 20:30ean, gaztelaniaz. Horretaz gain, beste dozena erdi lan ere ikusi ahalko dira gaur. Batetik, hiru dantza ikuskizun: Loop taldearen Aquí y ahora; Comploten Autopsia eta Aido Project taldearen Ojos en la nuca. Bestetik, hiru antzezlan: Losdedae taldearen Return; Spasmo Teatroren E-Book eta Hika Teatroaren Palabras; hau da, atzo taularaturiko gaztelaniazko bertsioa.

Hala, martxoaren 21era bitarte, 23 obra antzeztuko dira Dferia jaialdian (programazio osoa).

Jarduera paraleloei dagokienez, Harkaitz Canok eta Maria Jose Olaziregik, Literatura eta memoria: suntsipenetik eraiki izenburuko gaia jorratuko dute bihar, martxoak 19, Koldo Mitxelena Kulturunean, 19:30ean. Iñigo Astiz kazetariak moderatzaile lanak egingo ditu.

Asteazkenean, martxoak 20, arte eszenikoak Construyendo desde la destrucción gaia landuko dute Albert Vidal, Fernando Sanz de Ugarte, Magüi Mira, Ivan Solarisch eta Guilherme Reis-ek, gaur egungo arte eszenikoen egoera aztertzeko. Carlos Gil izango da moderatzailea.

Azkenik, bi prestakuntza ekintza ere izango dira: Agurtzane Intxaurraga Hika Teatroako zuzendariak zuzenduko duen Ideiatik sorkuntzara antzerki mintegia, eta Asier Zabaleta Ertzako zuzendaria eta koreografoak emango duen tailerra:  Mugimendutik abiatuz pertsonaia eraiki.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button