EZLEKUBAT

EIE: “Ilustratzaileok espazio gehiago daukagu orain”

Euskal Irudigileen Elkarteak (EIE) hamar urte bete ditu duela hilabete batzuk. Elkarte honek dituen zeregin eta bere inguruan biltzen diren artisten gainean jakin nahi izan dugu gehiago. Horretarako, Daniel Martin Euskal Irudigileak elkarteko lehendakariarekin egon gara.

Euskal Irudigileak elkarteak hamar urte bete ditu duela hilabete batzuk. Nola bizi izan duzue urteurren hori?

Poztasunez. Lan asko egin dugu urte hauetan eta honelako momentuan atzera begiratuz, konturatzen gara lortutakoaren garrantziaz. Urteurrenaren ospakizun egunean egindako ekintzen berrikustearekin, aurrera jarraitzeko gogoa sendotzen da.

Zein izan da urte hauetan guztietan elkarteak burutu duen lana.

Elkarteak hiru fase pasa dituela esan genezake: Lehenengoan, sorrera eta egituraketarako erabakiak hartu genituen, funtzionamendu oinarriak ezartzeko; lehentasuna eman genion elkartearen sustapen lanari.
Bigarrenean, web orrialdea ireki genuen eta bazkideekin harremanetan hasi.
Eta hirugarrenean, egungoa, euskal irudigileen lanaren zabalkundearekin, eta haientzako heziketa eta aholkularitza lanekin gabiltza.

Uste duzu ilustratzaileak talde baztertua sentitu direla inoiz?

Bai, eta horrela jarraitzen dugu. Espazio eta atentzio gehiago daukagu momentu honetan. Irudiaren kulturan bizi gara, eta euskarri ilustratuak ugarituz joan dira, teknologia berrien eta baliabide bisualen hedakuntzarekin.
Baina gizarte mailan, arte txikia bezala estimatua egon da betidanik, bere jomuga historikoa, liburuarekin batera, erreprodukzioa izan delako, eta elementu apaingarritzat hartu da. Antzinako pentsaera horrek pisu handia du gaur egun ere.
Gizarteak ikusmen-bonbardaketapean jarrita dago gainera, eta gehiengoak ez ditu ilustrazioaren baliabideak ezagutzen, ezta irudiak duen lengoaia irakurtzeko heziketa ere. Beraz, askotan lana ez nabarmendua eta ez preziatua izaten da.

Gaurko egunetan, zeintzuk dira irudigile batek dituen zailtasunak? Eta erronkak? Zein da ilustratzailearen lan esparrua?

Irudigileak, orokorrean, nahiko berde gaude profesional moduan. Lanbide indibiduala eta artistikoa denez, komunikazio falta dago maiz, eta hutsak egiten dira informazio faltagatik. Horrek talde ahularen itxura ematen du, aritzen garen lan eremuaren barnean.
Irudigile profesional batek bere lana ondo egiteaz gain, autonomo kontuak zein marketina menperatu behar ditu, eta bere eskubideak/betebeharrak ezagutu.
Elkarteak ildo hori lantzen dabil, ekintza ezberdin eta aholkularitza zerbitzuaren bidez.
Lan esparruaren aldetik, gaur egungo eskaera ugaria da: Liburua, komikia, publizitatea, prentsa, animazioa, infografía, muralismoa…

Irudiaren eta komikiaren munduak; mundu paraleloak, kontrajarriak?

Irudiak, alegia, ilustratzeak, testuak ez duen dimentsio berri bat lortzea izan behar du helburu. Komikiak, ordea, lengoaia propioa du: komunikazioa irudi sekuentziaren bitartez egiten da berezko elementu eta kodeekin. Zinearekin paralelotasun gehiago duela esan ohi dute.
Irakurlearekiko harremana eta batez ere hori lortzeko erabiltzen diren baliabideak ezberdinak dira bata eta bestean.

Internetaren munduak nola eragin dio paperezko ilustrazioari? Borrokarik ote dago?

Internetaren agerpenarekin, alegia, ilustrazioen digitalizazioekin, paperezko ilustrazioaren erreprodukzio funtsa edota helburua galdu egiten da. Horren alde ona, zabalkunde handia eta azkarra izateko aukera da, paperarekin gertatzen ez zena. Baina alde txarra ere badu, egilearen eskubideen kontrola lainotu egiten baita, zulo beltz baten barnean egongo balitz bezala.

Nola ikusten duzu ilustrazioaren etorkizuna?

Argi dago ilustrazioa zabalkunde momentuan dagoela. Leku guztietan ikusten dugu, egunero. Nere ustetan pixkanakako prozesua izan behar du zabalkunde horrek, profesional nahiz gizarte mailan duintasuna lortzearekin batera, denboran zehar sendo irauteko eta egoera hau momentuko modatzat gera ez dadin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button