ESZENA

Primaderako festibalaren loraldia

Euskarazko kultur ekoizpen anitz biltzen dituen Loraldia festibala apirilaren 9tik 24ra egingo da  Bilbon. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten esparru artistiko guztietako ikuskizunak izango dituen ekimen erraldoia. Bertan, eta hiru astez, musika, dantza, antzerkia, zinema, literatura, bertsolaritza, performancea… denetarik gozatzeko abagunea egongo da. Hala, 16 egunetan, 30 ikuskizun eta 50 artista baino gehiago izango dira 11 lekutan.

Imanol Agirre Loraldiaren zuzendari artistikoak ekimenaren nortasunaz mintzatu zuen: “Loraldia euskal kultur ekoizpenaren erakusleiho izatetik harago, ekosistema osatzen duten eragileen (artista, sortzaile, ekoizle, banatzaile…) arteko elkarlana sustatzeko espazio ere izan nahi du. Hala, Loraldia Kultur Elkarteak eragileekin batera ekoiztutako hainbat ikuskizun benetan berezi eta interesgarri aurkeztuko ditu, lehen aldiz”.

Eta hala da, egun horietan orain arte ikusi gabeko sentikari dezente plazaratuko dira, tartean, Maite.K. Ikusgarri horretan, Joxean Goikoetxeak, Juhane Dasconek eta Kukai dantza konpainiak zazpi emakumeren bizitza pasarteak plazaratuko dituzte, Pier Paul Berzaitz gidari dutela; Maurizia, Arratiako pandero-jotzaile mitikoari eskainitako koreografia egin du Aukeran dantza konpainiak; Laboa Jazz, Mikel Laboaren kantarik ederrenak Ainara Ortegaren eta Maria Berasarteren ahotsetan eta Iñaki Salvadorren pianoan; Shane Macgowanen Gibela, Shane MacGowan The Poges taldeko kantaria izan zen. Unai Elorriaga idazlea eta Gibelurdinek taldea bildu dira eta zerbait berezi egin dute figura horren inguruan. Bilbronx, Euskal Herriko II. Beatbox Txapelketa ere izango da.
Eta Loraldia Elkartearen ekoizpena ere badira: Poeta Gorri Horiek!, 11 Kolore Haur Abesbatza, Orhipetik edota Etorkizun Perfektua Balitz.

Horiez gain, hainbat kontzertu ere programatu dira, Maddi Oihenart, Anari, Aguxtin Alkhat eta Enkore eta Lagunak kantari eta taldeekin. Thinking Football film lehiaketak eta Elkar dendetan burutuko diren ekitaldiek osatuko dute programazio potoloa.

Zer, noiz eta eta non zehazkiago jakiteko, hemen duzue ekimenaren webgunea: www.loraldia.eus

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button