ESZENA

VIII. Dantza Zirkuitua abian da

Hogeita hamar dantza konpainia inguruk hirurogeitik gora ikuskizun eskainiko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan VIII. Dantza Zirkuituaren egitarauaren baitan. Emanaldian iragan otsailean hasi ziren, eta hil honetan bederatzi ikuskizunen dozena bat emanaldi ikusi ahalko dira.

Hala, Kukai Dantza Konpainia Gasteizko Printzipal Antzokian izango da Out-In obra aurkezten. Ikuskizunean euskal dantza tradizionala adierazpide artistiko garaikideekin uztartzen da.

Tolosako Leidor Antzokitik, halaber, Mikel Urdangarin musikaria eta Traspaso Danza taldea igaroko dira, Nora lana antzezteko asmoz. Bertan, musikari bizkaitarraren musika dantzarien mugimenduekin fusionatuko da.

Aukera Dantza Konpainiak Burnia aurkeztuko du Kultur Leioako Auditorioan. Bilbo eta bere historian oinarritzen den ikuskizuna da. Hiriaren iragan meatzaria, labe garaik eta karlistadak dira, besteak beste, obran jorratzen diren gaiak.

Berangoko Antzokian Calamar Teatro konpainiak antzeztuko duen Lola lana ikusi ahalko da. Atso baten eta katu baten arteko istorioa kontatzen du obrak, eta dantza garaikidea eta maskaren hizkuntza uztartzen ditu, bizitzaz, amodioaz eta internetez hitz egiteko.

Elorrion eta Durangon, halaber, La Choni Compañia Falmenca taldeak La gloria de mi mare taularatuko du. 30eko hamarkadako artista baten eta bere amaren istorioa jorratzen du obrak.

Horiek dira hil honetan ikus daitezkeen zenbait ikuskizun. Egitarau osoa Dantza Gunea webgunean jasotzen da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button