ARTEA

“Bosteko 2019” erakusketa ibiltariaren amaiera, Getxon

Bosteko 2019 arte garaikidea Bizkaiko udalerrietara hurbildu nahi izan duen erakusketa ibiltaria, azken geralekura iritsi da.  Hala, Leioa, Basauri, Arrigorriaga eta  Amorebieta-Etxano bisitatu ondoren, Getxora iritsi da Gentz del Valle, Mertxe Periz eta Sonia Ruedaren artelanak biltzen dituen Marrazkitik harago: figura eta paisaia erakusketa. Bertan, abenduaren 29ra arte bisitatu ahal izango da, Kultur Etxeko Torrene Aretoan.

Hiru artistek proposatu dituzten obren eta instalazioen ezaugarri nagusia aldaketa da. Izan ere,  instalazioen formatuak aldatu egiten dira aretoen arabera, eta aurkezten diren tokiaren arabera, egokitu egin dira lanak. Gainera, erakusketaren esparruak oso desberdinak dira euren artean ere, ikusleari une horretan bertan egotearen esperientzia artistikoa eskatzen baitio. Hortaz, bisitarien esperientziak ere desberdinak dira.

Era berean, gizakiaren figura, gorputza, ingurua eta  paisaiarekin duten erlazioa  gai garrantzitsuak dira hiru artisten lanetan eta marrazkiaren kontzeptu zabal horrekin batera, proposamenaren ardatza dira. Sormen prozesuan zehar proiektuaren jatorrian dagoen ideia zera da:  “marrazterakoan eta pentsatzerakoan  (marrazten duzunean pentsatu egiten delako), proiektuaren prozesua bera definitzen duten irudi-serie eta proposamen berriekiko topaketa sustatzen da, askotan gauzak egiteko beste era berri batzuetara eramaten gaituena. Era berri horiek dira erakusketan indarra hartzen dutenak”, azaltzen dute artistek.

Marrazkitik instalaziora iristeko jauzia eta argazkien erabilera da Gentz del Valleren obraren muina. Mertxe  Perizi dagokionez, aldiz, “eskultorikoa-instalatiboa” den kontzeptu batekin, aldi berean, hiru dimentsioetarako urratsa ematea da. Sonia  Ruedaren kasuan, ordea, prozesua  apur bat desberdina da, argazkietatik eta irudi digitaletatik urrundu eta  paper gaineko marrazkigintzara hurbildu delako, jorratzen dituen ideien garapenaren eraginez.

Baina, oro har, Marrazkitik harago: Figura eta Paisaia erakusketa gauzak aditzera emateko dugun biderik zuzenenari eta intuitiboenari eskainita dago: marrazkigintzari. Instalazio osoan marrazkiak hartzen du garrantzia eta formatu ertaineko lanak nabarmentzen dira.  Hala ere,  bestelako bideak ere jorratzen dituzte: argazkigintza, eskultura edo pintura, hain zuzen.

Gentz del Valle bizkaitar artista garaikideak, bere obran espazioaren tratamenduari ematen dio garrantzia. Hala, bere irudiek ingurumen-harremanetan oinarritutako narratibak sortzen dituzte, “femeninoa eta maskulinoari, naturari edo mitoei” buruz. 2019ko Jardín celeste serieko hiru marrazki erakusten ditu.

Mertxe Periz  aldiz, artista bisuala da, eta bere sorkuntza lana  hezkuntza eta  gizarte-transformazioen arteko erlazioak ikertzen dituen hezkuntzara bideratutako praktika artistikoari lotuta dago. Tránsitos proiektuaren parte bat aurkezten du: gizakiak egoera ezberdinetan erakusten dituzten irudien eskultura txikiak jartzen ditu ikusgai, eskultura horiei ateratako argazkiekin eta 2019ko Retal de huellas seriearekin batera.

Sonia Rueda barakaldar artistaren lanak, azkenik, norbere buruaren aintzatespenaren zati bat  dakar:  “zentzumenen bidez munduari proiektatzen zaiona, partikularretik orokorrera”.  Bi pieza, argazki bat, 90eko hamarkadako lan eskultoriko bat, eta azken 15 urteetan frontoietan ateratako 21 argazkik osatutako horma-irudi bat aurkezteaz gain, 2019an paper gainean ikatz-ziriz egindako serie bat ere paratu du.

Informazio gehiagorako, sartu getxo.eus kultur agendara.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button