ARTEA

Norabide berriei jarraitu nahian

Carreras Mugica galeriak abenduaren 9ra arte erakutsiko du Susana Solanoren bakarkako lehen erakusketa: Artificios, Erakusketak galeriako hiru espazioak betetzen ditu eta artista katalanak azken 35 urteetan egindako hogei bat lan ditu erakusgai.

Marta Llorente adituak hala deskribatu du proposamen artistikoa: “Badirudi espazio hauetan ikusgai ditugun Susana Solanoren artelanek denboran korapilatzen eta adarkatzen diren bideak urratzen dituztela, garai desberdinetan irekitako bideak, bere ibilbide artistiko luzeko paisaia hedakorra ikusiko bagenu bezala.
Artificios, horrela izendatu ditu artistak bere artelanak. Latinean jatorria duen hitz honek, hitzez hitz, jada eraikita dagoen arte-objektu esan nahi du, beteta, eginda dagoena; asmakizun desberdinak, zeinei azkenean garaia iritsi zaien, beren materia, beren gauzatze-garaia. Hizkuntza arruntean, artifizio batek hori baino askoz gehiago iradokitzen du: irudimenaren keinu ludiko eta sentsualetik sortzen diren eta beren energia arrazoirik justifikatu gabe xahutzen edo askatzen duten asmakizunen zigilua darama berekin. Sorkuntza artistikoak bidezko eskubidea du axolagabekeriaz jokatzeko, inguruan dugun mundu erabilgarria objektuz hornitzen duen ekoizpen industrialaren konpromisoen aurrean. Gurea bezalako munduan, beharrezkoa ez dena eta alferrikakoa dena ere existitzen da, baina kamuflatuta programatutako premien agindupean. (…) irudimenaren ariketa libre bat proposatzen du, eta bere lanak aitzakia ematen digu berriz aztertzeko artearen historian izan dituen jarrerak, agindutako patua saihesten dituztenak.
Orain ikusgai ditugun artelan hauek hobeto erakusten dute beren balioa inaugurazio-garai baten aurrez aurre jarrita, bertan gordetzen baita egileak egitura, material eta esanahi berrien bila eduki duen kezkaren hazia. Jarrera esna hori etengabe berritzen du bere konpromisoari eutsi ahal izateko: keinu zorrotza, benetakoa, garbia, bat-bateko zintzotasun irekia duena. Keinu horrek ez du zalantzarik ikasitako lerroak hausteko, horiek agortzen ari direla sumatzean. Susana Solanok, une bakoitzean, bere esku artean irekitako obra-sail bakoitzean, argi erakutsi du norabide berriei jarraitu nahi diela, irudien indarra eta materialen adierazpena elikatzeko. Ildo horiek definitu dute tekniken eta egikeren hautua, eta batzuetan emaitzak ustekabekoak izan dira.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button