LITERATURA

Poema errezitaldi bereziak Eako Poesia Egunetan

Eako Poesia Egunetako ardatzetako bat poesia da, eta diziplina honen inguruan hainbat errezitaldi antolatu dira, interesgarrienak larunbatean , uztailak 20, gauzatuko dira.

Hala, Idazleak irakurle saioan Rikardo Arregi, Hedoi Etxarte eta Fabiana Boer poetek errezitatuko dituzte euren poemak, Leandro Yakuren musikaren laguntzarekin. Apikalen izango da, 18:30ean.

Rikardo Arregi Diaz de Heredia poeta gasteiztarrak Bitan esan beharra (Alberdania, 2012) liburua argitaratu zuen joan den urtean. Honen aurretik, Hari hauskorrak (Erein, 1993) eta Kartografia (Alberdania, 1998) idatzi zituen.

Espainiako Literatur Kritikarien Elkartearen poesia alorreko saria irabazi zuen Rikardo Arregi Diaz de Herediak Bitan esan beharra liburuarekin. “Lan horretan, bizitzaz eta arteaz ari da idazlea: bizitza artea ez bada ez baita bizi, eta artea bizirik ez bada ez baita arte. Heriotzaz ari da liburua, hildakoez. Amodio hitz ergelaren azpian kokatu dugun mundu zabalaz ari da liburua. Azkenik, poesiak dituen forma ia infinituetan barna ibilbide bat proposatzen du liburuak”.

Hedoi Etxartek Sinplistak poema liburua (Susa) argitaratu zuen joan den urtean. Guztira hiru lan argitaratu du: 2008an Suzko lilia poema liburua (Susa),  2009an Alain Urrutiarekin Ihes ederra eleberri grafikoa (Alberdania) eta 2012an Sinplistak.

Beste aldetik, Fabiana Boer (Argentina) kantaria, poeta, aktorea, antzerki-zuzendaria… denetarik  badu. Bi poema liburu argitaratu ditu: Río arriba eta IdeMtidad.

Larunbatean ere, baina 22:30ean, Castillo Suarezek  Urtebetetze festa errezitaldia egingo du, Borja Estankonaren musikarekin. “Batzuetan zauriak irekita uztea da onena, gonbidatuak sar daitezen nahi dutenean.”

Egun poetikoena izango da larunbata, Eako Poesiaren Egunak programazioaren barruan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button