ESZENA

Biarritzeko “Maitaldia” dantza jaialdia, munduko dantza konpainia handienen agertokia

Biarritz osoa dantzan jarriko da irailaren 6tik 15era bitartean, Maitaldia jaialdiaren harira antolatutako hamaika ikuskizun, entsegu publiko, erakusketa, ikastaro, hitzaldi eta dantzarekin lotutako jardueren bidez.

27 dantza konpainien ikuskizunak izango dira gozagai hamar egunez Lapurdiko kostaldeko udalerriko agertoki askotan zabaldurik. Hala, dantza neoklasikoa, tekno-sinfonia lagun duten koreografia modernoak, dantza garaikidea, flamenkoa, mugimenduari denbora eransten dioten koreografiak, antzerkiarekin uztartzen direnak sentimenak agerraraziz, dantza altruista eta soilak, barrokoa eta hip-hop kementsua uztatzen dituztenak … gustu eta publiko zabalarentzat.

Horien artean aipatu, koreografia munduan ate nagusitik sartu den Martin Harriague  Malandain Ballet Biarritzeko artistak, Maitaldiarako beren beregi sortutako pieza: Fossile (irailak 9). “Herriko  haurride  miragarriaren  piezak, gauzak molde egokian aipatzeko duen gaitasuna erakusten du, bakarkakoaren intimitatera buruz jo duela”.  Frida Dam Seidel, Göteborg Baleteko dantzaria oholtzaratuko da. “Pandoraren kutxa bat edo monolito misteriotsu baten gisara, erran gabekoak eta jendeen arteko harremanen blokatze guztiak itxuratzen dituen ez ohiko objektu baten inguruan (…), bukaera eta heriotza dira aipagai, baina baita berpiztea, hastapena eta arrisku hartzea ere. Emozio bilduma bat, gorputz hizkuntza engaiatu bat eta solas garaikide bat uztartuz”.

Eta egitarau oparoaren artean,  beste euskal koreografo bat: Matxalen Bilbao. Euskal koreografo gazteak Serenity Suite sorkuntza berria dakar Biarritzera irailaren 11n. Bertan, emakume dantzari gazte bat izango du lagun Bilbaok oholtza gainean, eta 30 urteko desberdintasuna duten arren, ondasun baliotsua partekatzen dute bi antzezleek: dantza. Matxalen Bilbaok duela 20 urte sortutako bakarkakoa berriztatua dakar oraingoan, “handinahikeriarik gabe eta begirada alai batez”. Transmisioa da piezaren iturburua eta eremu bateragarria. “Lurralde berriak arakatzen ditu ere bateratze honek: aurpegiaren adierazkortasuna. Seriotasun eta nostalgiarik gabe iragaiten den denbora aipatzeko”. Duo hunkigarriaren bitartez bere hiztegi pertsonala eta adierazkortasun oparoa nahasten ditu koreografoak. “Sentimenak agerraraziz, dantza altruista eta soila da”.

Egunez eguneko emankizunen informazioa eta xehetasun guztiak jakiteko, Mailtaldia jaialdiko web atarira jo dezakezue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu