IKUS-ENTZUN

Emakumeek egungo industrian duten parte-hartzea nabarmentzeko xedez

Urriaren 3tik 7ra Lan Festibala garatuko da hainbat tokitan: Bilbo, Gallarta, Portugalete, eta Galdakao. Aurten, emakumeei omenaldia egin nahi zaie, LAN obreras edizio bereziaren bidez.

Antolatzaileek hala definitu nahi izan dute aurtengo edizioaren mezua: “emakumeen lana, ordaindua edo ordaindu gabea, agerikoa izan ala ez, funtsezkoa da gizartean orekari eusteko, eta, gainera, ongizate orokorrari laguntzen dio. Horrela, ia beti gutxietsi izan diren arren, biztanleriaren biziraupena bermatzen duten zereginak aurkitzen ditugu: etxeko lanak, janaria eta arropa garbia izatea eta era guztietako zainketak jasotzea ahalbidetzen digutenak. Industria eta horri lotutako prozesuak modu integralean aztertzearen garrantzia aitortu behar da, eta industrializazioaren inguruko garapen kontzeptu malguago eta inklusiboago bat proposatu behar da, emakumeek garatutako beste jarduera batzuk ikusaraziko dituena.
Emakumeek industrian egiten zuten lana ikusezina izateko joera zegoen, nolabait, sistemaren mugetan mugitzen zelako. Oraingo honetan, emakumeak egungo industrietako eragile eta subjektu aktibo gisa duten inplikazioa aitortu nahi dugu. Industriaren garapenak bi menderen arteko denbora luzea hartzen badu ere, deialdi honetan emakumeek egungo industrian duten parte-hartzea nabarmenduko dugu, eta bizipenen eta lan-ibilbideen bidez gizarte-harremanak, bizitza ekonomikoa eta industria-ehuna nola aldatzen diren islatuko dugu.”

Diogun moduan, gaur berton abiatuko da zikloa Bilbaoarten, 19:00etan. Bertan sei lan labur aurkeztuko dira. Bihar, Anti Liburudendan programatu da Langile Memoria izeneko hitzaldia Akmeka Ikerketa Taldearen eskutik. Eta aipatu dugun moduan, hurrengo geltokiak, Gallarta, Portugalete eta Galdakao izango dira. Herri horietan, hitzaldiak, eztabaidak eta emanaldiak burutuko dira.

Programa osoa hemen eskuratu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button