LITERATURA

Lasai, ez da ezer gertatzen

Ana Malagon idazleak, barikuan aurkeztu zuen Lasai, ez da ezer gertatzen izeneko lana. Iban Zalduak dio, liburu hau bakardadearen mapa moduko bat dela. “Frustrazioaren koordenadak erakusten dizkigu bere orrietan, insatisfazioaren eta inkomunikazioaren kartografia”.

Obran 162 mikroipuin bildu ditu egileak, eta neurri txiki horretan unibertso pertsonal bat eraiki du: hiritarra, gaurkoa, gure egunerokotasunari ironiazko begirada bat eskaintzen diona.

Haurtzaroa ageri da kontakizunotan, ez idealizatua baizik porrot txikiz osatua; heriotza ere bai, ez tragikoa baizik eta ia etxekoa, misteriotsu baina aldi berean irrigarria; maitasun ez poz betezko baizik ahitua, askotan jaio orduko usteldua.

“Lasai, ez da ezer geratzen-en kasuan iturriak asko eta anitzak izan dira. Urteetan zehar formatu askotan jaso izan dudan materiala da, hor gelditu dena, modu nahiko amorfoan, nire buruan. Erreferente kulturalez ari bagara, ba ez nuke jakingo zer esan, zeren niri gustatzen zaizkidanak gero ez ditut islatuta ikusten. Zoritxarrez”, dio egileak.

Idazkera sobrio eta zehatza darabil Malagonek, apaingarriei eta enfasiei ihes egiten diena, eta luzamendutan galtzen ez dena.

Ana Malagon (Donostia, 1978). Ikus-entzunezko komunikazioa ikasia. Proiektu digitalen diseinuan lan egiten du. Hauxe du lehenengo liburua.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button