EZLEKUBAT

“Función de noche”, dokudrama bat

Ez zait gustatzen berandu iristea, baina batzuetan gertatzen da. Zortzietan Función de noche hasten zen, IPESek antolatutako Zinema eta Emakumearen zikloaren lehenengo filma. Zortzietan, puntu-puntuan zinemaren atean nengoen… baina beste zinema batean. Eskerrak Iruñea munduko toki bakarra den non Yamaguchi eta Baionaren (*) artean zebrabide bat baino ez dagoen.

Heldu nintzenean aretoa gainezka zegoen. Bazterreko pasilotik, burumakur, bigarren ilararaino korrika joan nintzen. Nire buruan kezka bakarra: ez erortzea eta erridikuloa ez egitea. “Erortzen banaiz –pentsatu nuen- nire jesarlekuraino narrastuko naiz, bertan hondoratu eta pantailak jan nazala utziko dut”. Nire psikomotrizitate ezegonkorrak bizitzan funanbulisten antzera ibiltzera narama. Nire bizitza dokudrama bat da.

Zikloaren aurkezleak grabaketa txarra ez baina zaharra zela iragarri zigun, 1981ekoa. Kreditoak dardarka agertu ziren eta soinua igo eta jaitsi egiten zen inolako abisurik gabe. Lola Herrera bere aldagelan zegoen. Carmen Sotillo, Mario bere senarra hil berriarekin hitz egiten zuen emakumea bilakatzen zuten urkillak kentzen zituen. Lolak bata eta takoidun zapatak jantzita zituen. Aldagela ispiluz beterik. Bere ahotsak ispilu guztien kontra errebotatzen zuen. Mototsarekin ala mototsik gabe Lolak Carmen izaten segitzen du; Carmen beti izan da Lola, neurri handi batean. Biak Valladolidekoak, gerraosteko alabak, etengabeko gaubeilan, izan zitekeen guztiagatik… baina inoiz izango ez dena.

 3.000 emanalditan emakume bera interpretatzen duzunean, emakume hura zu izan zaitezkenean, fikzioaren eta errealitatearen arteko muga lausoa izaten da. Makillajea jarrita ala kenduta, Carmen eta Lola gorputz berdinean bizi ziren eta ahots bakar batekin hitz egiten zuten. Josefina Molina zuzendariak esperientzia hori  pelikula batean azaldu nahi izan zuen eta Lola Herreraren bizitza dokudrama bilakatu zuen. Función de noche deitu zuen.

Garai horretan pelikulek ezin zuten 15 minutu baino gehiagoko sekuentziak grabatu. Elkarrizketa nagusia arratsalde bakar batean grabatu zuten. Lola eta bere senar ohia aldagelan elkartzen ziren, eta ispilu bakoitzaren atzean kamarak izkutatzen ziren. Hitzen jarioak bi lekuko baino ez zuen: zuzendaria bera eta soinu teknikaria. Gainontzeko teknikariek ez zuten ezer entzuten, bikotearen intimitatea era naturalean garatu zedin. Beraien banaketa eta 14 urte beranduago, Lolak Danielekin hitz egiten zuen Carmenek Cinco horas con Marion egiten zuen bezala: bere iraganarekin hitz egiten zuen. Galderak jaurtitzen zituen eta hauek, boomerangen antzera itzultzen zitzaikion, bakardadearen ohiartzunarekin airea estaliz. Ukoak, sekretuak, frustrazioak, itxurazko orgasmoak… iruzurrek zipriztindutako urteak. Lolak ez zuen bere senar-emazteko harremanaren zergatia ulertzen. Danielek ere ez. Ezkondu ziren ezetz esaten ez zen aro batean, galderak existitzen ez ziren garaian. Hamarkadak pasata erantzunek agertu gabe segitzen dute.

Biek engainatuta sentitzen dira. Maitasuna ez zen hori. Ezta bizitza ere ez. Errudunik ez, biktimarik ez, eskenatokiaren bi aldeetan aktoreak baino ez . Egun batean gidoia txikia geratu zitzaien, eta pertsonaia, aldiz, handiegia.

 Lola Herrera eta Josefina Molina oholtzara igo ziren.  Bigarren ilaran nengoenez, niri zuzentzen zitzaizkidala zirudien eta beraz, tente jarri nintzen (filmak  nire jesarlekuan suntsituta utzi ninduen). Lola eta bere ohiaren arteko elkarrizketa pribatua entzun berria nuen eta lotsatuta nengoen. Zuzendariaren eta aktoresaren ausardiak koldartu ninduen. Bata biluztu zen eta besteak erakusti zigun. Horren aurrean ez nuen beraientzako galderarik.

 Nituen galdera guztiak niretzako baitziren. Hamaikak ziren eta berriz euria ari zuen. Etxerako bidea zinemarako bidea bezain azkar egin nuen. Ixildu ez ziren emakume horiei esker nik nire buruari galdera mordoa egiten nion: nire eskenatokia, nire pertsonaia, nire gidoiari buruz… Espaloiak bustita zeuden eta oraingoan ere ez nuen erori nahi. Gure bizitzak dokudramak dira, soilik falta zaigu ongi interpretatzen dituen begirada inteligentea.

 

(*) Golem Yamaguchi eta Golem Baiona Iruñeko bi zinema dira. Bata bestearen aurrean dago.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button