ARTEA

Lorategiak arte galeria bilakaturik

Zarautzek arte galeria berezia inauguratu du egun hauetan. Horren berezitasuna aire librean kokatua egotea eta gune horretatik paseoan dabilen ororen eskuerara egotea da. Igerain Gaina erakusketa areto berezi bat bilakatu da, Zarautz eta Orioko hiru eskulturagileek euren sormen lanak uda osoan ikusgai jarriko dituztelako.

Zarauzko Udaleko Kultura sailak eta Lorazain zerbitzuak, eta XpressionK plataformak sustatu dute Arte Lorategi ekimen berritzaile hau, eta artea jendeari modu ezberdin eta ekonomikoan gerturatzea da beren helburua, kulturarentzat gune berriak sortu, berdeguneak sustatu eta artista ez profesionalei bestelako aukerak eskaintzeaz gain.

Duela hilabete bat baino zertxobait gehiago ireki zen arte sortzaileek euren proposamenak aurkezteko epea, eta behar da esan aldi horretan hainbat proposamen aztertu direla hiru eskulturagile hauen aldeko hautua egin aurretik. Juan Antonio Mendizabalek bere lanetako bost jarriko ditu, eta bere eskulturetako bi Eusebio Gomez auzokideak. Orioko Iñigo Manterolak osatzen du erakusketa, eta bere estudio-galeria herrian hainbat urtez izan duen honek, bi sormen lan hautatu ditu Igerain Gainan jartzeko.

Arte Lorategiak, udalerriko guneak biziberritzen ditu eta turismoa erakartzeko gaitasuna areagotzen, kultura aberastu eta artea hiritar konbentzionalari gerturatzearekin batera. Honenbestez, Gipuzkoako herri guztietara zabaltzea da ekimen honen helburua, eta Zizurkilen izandako esperientziaren ondotik, Zarautzen pausatu da oraingoan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button