ARTEA

MEM jaialdia bideo-arteko emanaldi batekin hasiko da gaur

Gaur hasiko da Bilbon urtero egin ohi den MEM Nazioarteko Arte Esperimentalen Jaialdia. Lehenengo egunerako, antolatzaileek bideo-arteko emanaldia ondu dute, Harrobi plaza 4 helbidean dagoen MEM Exhibition Hall aretoan, 20:00etan. 

Emanaldian honako bideo-kreazio artistikoak aurkeztuko dira: Arnont Nongyao artista tailandiarraren Drink Sky On Rabbit’s Field (Lost Control), Jan Hakon Erichsen norvegiarraren Destroyer, eta Allison Kotzig eta Stvan Szilagyi eslovakiarren Irreversible Forest. 

Lehenengo bideo-sorkuntzak arrazionalaren eta irrazionalaren arteko harremana jorratzen du. Bigarren lanean, Destroyer, eskultura zinetiko batzuek landareak suntsituko dituzte, modu dramatikoan; egile norvegiarrak, haserrea, beldurra eta frustrazioa aztertzen ditu bere obretan. Azkenik, Irreversible Forest, bideo-sorkuntzak maitagarrien ipuinak baliatzen ditu, eguneroko gertakizunen aurrean (ekintza terroristak, istripuak, gaixotasunak…) erakusten ditugun jarrerak aztertzeko.

Ostiraleko jardunaldian, azaroak 6, musika esperimentala izango da, Off MEM Sarean gunean(Mariaren Bihotza plaza 4), 18:00etan: “Bat-batekotasun esperimentaleko Jam-a. Ekar ezazu zure musika tresna”.

Iluntzean, 20:00etan, MEM Exhibition Hall lokalean, Herbehereetako Petra Dubach eta Mario van Horrik artistek Waves soinu-instalazio muntatuko dute, eta Mathias Will alemaniarrak, berriz, El hombre blanco. El último de su especie izeneko instalazio eta performancea erakutsiko du. 

MEM jaialdiaren egitaraua azaroaren amaierara arte zabalduko da, eta arte esperimentalen makina bat adierazpide bilduko ditu: performancea, bideoa, instalazioak, musika, irakurketak, antzerkia… 

Egitarau osoaren berri izateko: musicaexmachina.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button