MUSIKA

Estankonak bigarren fruitua aurkeztu du

Estankona egitasmoaren atzean, Borja Estankona musikari bizkaitarra dago. Gaur goizean Fruitua (Baga Biga) bere bigarren diskoa aurkeztu du Bilbon. Lan berrian askotariko hamaika rock kantu “koloretsu eta bizizale” bildu ditu kantariak.

 Estankonak 2011. urtean argitaratu zuen lehendabiziko lan homonimoa. Gaur aurkeztutako bigarren lana, estreinakoa baino “alaiagoa” da. “Aurrekoak garai ilun baten amaiera ekarri zuen, argia sartzen saiatu nintzen arren, zentzu horretan abesti hauek bitalistagoak dira, eta horrek erakusten du musikak sendotzen duela”, azaldu du gitarra jotzaile eta abeslariak.

Musikari dagokionez, bizkaitarra askeago aritu da lan honetan, eta “borobiltasunaren” ideia bilatu du. Halere, borobiltasun hori aniztasunaren bidetik aurkitu du. Hala, espero ez zuen estiloren bat ere jorratu du, tartean, ska pasarteren bat: “Ez dut estilo hori entzuten, baina akorde batzuk nituen, eta ska erritmoak ondo egokitzen ziren, beraz, sartu nituen”. Atrebentzia horrek umorea ere badakarkiola kantuari esan du. “Umorea tresna inteligentea da, eta mantentzen saiatuko naiz”.

Hain zuzen, Zorteduna donuan entzun daitezke ska erritmo dantzagarri horiek, eta Arrosa bat ahoan kantuak berriz, bals kutsua dauka. Diskoak dakarren estilo aniztasuna, baina, Aitortzea azken kantuan islatzen da nabarmenen: behin eta berriro errepikatzen den hamar minutuko pieza da. “Inoiz ereserkiren bat egin badut, hori da nire himnoa, emozio sakoneko kantua den aldetik, maitasuna eta askatasuna ditu ardatz”. Oro har, rock kantu jantziagoak dira, gitarra konponketak tarteko.

Hitzen haria, batzuetan surrealistak dira, eta beste batzuetan, aldiz, narratiboagoak. “Begiak itxi, edo begirada aurrera zuzendu, nonbaitera, eta abesti horren jatorri diren bizipenen irudiak nire barruan dantzatzen ikustea da gehien gustatzen zaidana abesterakoan”.

Grabazioa aurten burutu du Gasteizko Sonora estudioetan Iñaki Alonso teknikariaren laguntzarekin. Ondoan, konfiantzazko musikarik izan ditu: Itxaso Etxebeste (baxua) eta Jimmy Arrabit (bateria). Biak ala biak aurreneko diskoan ere parte hartu zuten, eta zuzenekoetan ere aritzen dira Estankonarekin. “Itsasok estilo asko jo ditzake, eta Jimmy oso sendoa da, eta hori ezinbestekoa dut kantuek gorpuzkera irmoa izan dezaten, ni hegalaria bainaiz”. Estankonak Ahotsenean aurkeztuko du bigarren lan hau Durangoko Liburu eta Disko eta Azokaren baitan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button