EZLEKUBAT

David de Las Heras: “Obra sortzeko prozesua liluragarria da”

David de las Heras (Bilbo, 1984) EHUko Arte Ederretako bigarren zikloko ikaslea da, baina jada makina bat erakusketetan esku hartu du, bereziki 2009 urtean, hala nola, Getxoarte 09, Zeitgeist 09 edo Superpop. Bilbotarraren obran ohikoak dira formatu handiko koadro hiperrealistak. Azken boladan, ordea, ilustrazio txikiekin osaturiko formatu txikiko margolanak egiteari ekin dio, arnasa hartzeko beharra izango balu bezala, “denbora laburrean margotu behar izan nuen formatu handiko koadro serie batekin beteta amaitu nuen, atsedena behar nuen”. Halaber, sortze lana, prozesu liluragarria dela dio, alegia, ezinbestekoa berarentzat, “pintura edo artea sortzea bizitzeko behar gisa sentitzen dut”.

Zure azken lanetan antzematen da salto egin duzula esparru irudimentsuago batera, formatu txikiko ilustrazioekin josita, Gregory gaztearen metamorfosia eta antzeko lan hiperrealistetatik urrun daudenak, zein esparrutan aurkitzen zara erosoago?
Egia esanda, egin ditudan azken lan hauek azken boladan egin dudan lanetik ihes egiteko bide baten antzekoa izan dira. Denbora laburrean margotu behar izan nuen formatu handiko koadro serie batekin beteta amaitu nuen, atsedena behar nuen. Formatu txikiko marrazki azkar eta eraginkorrak sortzeko beharra neukan, nire diskurtso piktorikoenetik eta egiten ditudan ohiko egitasmoetatik at egongo zirenak.

Nola garatzen duzu zure sormen-prozesua? Zure berezko inpultsoei jarraitzen diezu edo zure koadroak metodologia zehatz batetik abiatzen dira?
Uste dut sormen-prozesuak bien nahasketa behar duela izan, intuiziotik zerbait izan behar du eta beste horrenbeste arrazoitik. Niri obraren prozesuan gertatzen zaidana da hausnarketa tarte bat izaten dela: zer esan nahi duzun pentsatu, zein den jorratu nahi duzun problematika, nola itzuli, euskarriak, materialak, eta abar, eta prozesu hauetan sortzen dira une batzuk, non nahi barik berezko ideiak etortzen zaizkizun, zeintzuk ez duten inolako zerikusirik pentsatzen aritu zinenarekin, baina egin nahi duzun obran egoki sar daitezkeenak. Nire iritziz, bakarrik gertatzen dira obra sortzeko kontzentrazio une batean bazaude.

Nola heltzen diezu formatu ezberdinei koadroak margotzerakoan?
Obren formatua egin nahi dudan irudikapenaren arabera aldatzen da, obra bakoitzarentzat zeintzuk izango liratekeen neurri perfektuak pentsatzen dut, baina erronka bera da: formatu handiko obrak zein paperean eginiko obrak edo dimentsio txikietakoak izan ala ez, ezberdintasun bakarra da obra bakoitza egiteko behar den denbora.

Nondik datorkizu inspirazioa? Zeintzuk artistekin identifikatzen zara?
Egun buelta asko ematen dizkiot gai horri, gauza askok eragiten didatela sentitzen baitut: beste artista batzuk, abesti bat, norbaitek esan duen esaldia, liburu bat, ikusi berri dudan filma… emozioa eragiten didaten gauza asko deskubritu ahal izateak gogoa berotzen dit, eta haiei esker obra sortzeko inspirazioa erdiesten dut. Zorionekoa sentitzen naiz, eta uste dut hori dela artista batek izan dezakeen poztasun handienetarikoa.
Artista askorekin identifikatzen naiz, boladak ere izaten ditut, badira lehen liluratzen ninduten artistak, baina orain atsegin ez ditudanak eta alderantziz, agian egun asko identifikatzen naiz Jeff Wall argazkilariarekin.

Margotzen duzunean helburu zehatzik bilatzen duzu? Ikuslearen erreakziorik bilatzen duzu?
Nahikoa argi daukadan gauza bat da pintura edo artea sortzea bizitzeko behar gisa sentitzen dudala, zerbait sendagarria dela sentitzen dut, obra sortzeko prozesua liluragarria da, erabat betetzen nauen esperientzia, eta baita inguratzen nauen munduarekin komunikatzeko modu bat ere. Uste dut artea ikasbidea dela artistarentzat eta ikuslearentzat, zure burua ezagutzeko eta zure ingurukoaz kontziente izateko modua.

Zein balorazio egiten duzu azken urteko erakusketa, lan, egitasmo, enkargu, eta abarren harira? Pinturatik bizi zaitezke?
Urteko balorazioa ona da, zorte handia izan dut, gauza asko irten baitira, eta egia esan, lehen ez ziren horrenbeste ateratzen. Beraz, eskertzekoa da. Guztia prozesu baten parte da, eta gogotik egiten baduzu lan, zortea baduzu, eta sakrifikatzen bazara, uste dut pinturatik bizi zintezkeela. Agian, gutxiago gustatzen zaizkizun lanak egin beharko dituzu, baina diru-sarrera handiak ekarri ahal dizkizu, gero obra pertsonalagoa gauzatzeko.

Zure arte-jarduera pinturara soilik mugatzen da?
Horrela ez izatea gustatuko litzaidake, baina horrela da. Badira aurretik prozesu fotografikoa eskatzen duten obrak, gero lengoaia hori pinturara eramateko, baina amaieran azken hori gelditzen da eta fotografia baztertzen dut.
Nolanahi ere, bazterrean utzi nahi ez dudan zerbait da, eta bideoarekin eta animazioarekin lan egitea gustatuko litzaidake. Saiatu naiz batzuetan, baina mugatua sentitzen naizen prozesua izanda, huts egiten dut eta azkenean ideia pinturara egokitzen dut. Zuzendu behar dudan zerbait da, ideiari ahalik eta gehien ateratzeko adierazpen-medio ezberdinek eskaini ahal dizuten abantaila guztiak baliatu behar direla uste baitut.

Oraindik ez duzu Arte Ederrak amaitu. Zer irizten diozu karrerari?

Arte Ederren karrerarekin maitasunezko eta gorrotozko harremana daukadala uste dut. Eta gauza asko ikasi ditut, baina gehienetan izan da ikasteko interesa jarri dudalako, eta ez inongo irakasleak erakutsi dizkidalako. Ez diot irakasle onik ez dagoenik karreran, haietariko asko irakasle onak dira, bakarrik diot irakasgai askotan dagoen programa ez dela egokia, zure ideiak garatzeko denbora nahikorik ez baituzu. Irakasgaiak lau hileko izan ordez, urtekoak beharko lukete, eta ikasleen banakako interesak gehiago sustatu, guztiei ariketa bera proposatu ordez.

Ikasturte bat Oporton egin zenuen Erasmus beka bati esker. Bi Fakultateen artean ezberdintasunak nabaritu dituzu?
Nahikoa ezberdintasun antzeman ditut bi fakultateen artean. Hiru urte igaro dira han egon nintzenetik, eta suposatzen dut Bologna planarekin ezberdintasunak txikitu egingo zirela. Bizi nuen lehen ezberdintasuna irakasgaien programazioarena izan zen, han urtekoak dira lau hilekoak izan ordez, eta egitasmo pertsonala egiteari gehiago bideratzen ziren, eta proiektua formalagoa baino kontzeptualagoa zen. Nire bosgarren urtean nengoen eta horrelakorik ez zidaten inoiz proposatu, eta niretzako gai hori ezinbestekoa da artista baten garapenean. Nire esperientzia pertsonalerako aurrerapausoa izan zen. Zentzu horretan ikus-eremu zabalagoa ireki zuten, eta horrelakorik ez zitzaidan Leioako fakultatean gertatu. Beste ezberdintasun bat: ikasturte amaieran erakusketa-tokia bilatu behar zenuen zure obra aurkezteko. Horrela, merkatuarekin edo fakultatetik kanpoko erakusketa-sistemarekin lehendabiziko kontaktua erdiesten zenuen.
Bitarteko eta azpiegiturei dagokienez, Leioako Fakultatea askoz hobeto hornituta zegoen, eta zure ideiak formalki garatzeko erraztasun gehiago zeneukan.



Zeintzuk aukera profesional dituzu? Zeintzuk aukera ditu merkatuan Arte Ederrak amaitu berri duen lizentziatuak?

Behin karrera bukatuta, uste dut benetan oso zaila dela artean profesionalki aritzea esklusiboki. Uste dut lan handiko bolada bat behar duzula eta baita dedikazio handia zure obrari ere. Zure obran erabat sinestea, beka eta lehiaketa guztietara aurkeztu, zure bidea egiten hasteko. Gauza batek bestera eramaten zaitu, eta agian interesgarriak iruditzen ez zaizkizun lanak egiten, baina haiei esker hilaren amaierara irits zaitezke. Uste dut profesionalki aritze posible dela, zaila baina posiblea, hortik esaten duten legez, bide luzeko lasterketa da.

Bilbon nahikoa erakusketa egin ohi dituzu, zer irizten diozu hiriko arte-jarduerari? Eta Euskal Herrikoari?
Egia esan, ez dut uste Bilbon erakusketa asko egiten dudanik (kar, kar). Hiriko arte-jarduera uste dut nahikoa ona dela, ia ostegun eta ostiral guztietan erakusketa edo ekitaldiren bat inauguratzen da. Euskal Herri barruan, Bilbok asko du esateko arteari dagokionez. Mapako beste puntu batzuetatik datozen Arte Ederretako ikasleak behin karrera bukatuta, Bilbon gelditzen dira haien artea ekoizten. Getxoarte daukagu; Ertibil; Arte Hormonatuaren jaialdia; Bilboarte; azken aldian zabaldu dituzten galeria asko, zeintzuk artista berriei zuzenduta dauden; betiko galeriak eta Abisal Espazioa; gainera, badira artearekin loturiko beste ekitaldi asko: Zinebi, BAD, JET LAG, MEM, eta abar.

Zertan ari zara une honetan eta zer asmo duzu etorkizunari begira?

Une honetan esku artean dudan egitasmoa Arte Ederretako karrera bukatzea da, proiektu ezberdinei heldu ahal izateko fakultatera etengabe igotzen ibili barik, horrek estutu egiten nau-eta. Behin karrera amaituta, Bilboarte bekara aurkeztu nahiko nuke. Era berean, buruan dudan animaziozko film laburra egitea gustatuko litzaidake, baina denbora asko behar dut gauzatzeko. Erdizka utzi dudan ipuin ilustratu bat ere amaitu nahiko nuke, eta bereziki, pintatzen jarraitu!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button