LITERATURA

“Baso Ilun Itoan” liburua kalean

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Erein argitaletxeak, Euskarazko IV. Blas de Otero Poesia saria irabazi duen Jabi Santa Cruzen Baso Ilun Itoan lana argitaratu dute. Lanak, Iñaki Geikoren marrazkiak daramatza.

Lana
Ez dut aldamenean
tiro hotsik entzun nahi.
Ez sarraski honetan errudun sentitu.
Min egiten dit heriotza anpolaiak,
heriotza merkeak,
debaldeko heriotzak.
Besteek eragindako heriotzari
honela deritzot:
zikina, krudela.
Nire heriotzak oso bestelakoak dira,
artelanak kasik.
Bakoitzak zuritu dezala
zuritzeko duena.
Ni ez naiz inoren izenean mintzatuko.
Badut nahikoa lan nire sena gobernatzen,
nire miseriak onartzen.
Denok eta bakoitzak dugu
kontaezina den zerbait.
Lakioan harrapatuta gaude
ezinbestean.

Sariaren aurreko edizioan, euskaraz idatzitako lanen artean, Jabi Santa Cruz Agirre idazle bizkaitarraren Baso ilun itoan poesia liburua izan zen irabazlea. Gaztelaniazko modalitatean César Ibáñez París idazlearen La ruta de la sed lanak irabazi zuen. Azken hau ere argitaratu da.

Baso ilun itoan oso ondo eraikitako kalitatezko poema liburua da, hizkuntza aberatsa, zehatza eta musikatua duena, Sariaren epaimahaiak adierazi zuenez. Jabi Santa Cruz (Erandio, 1964) haur hezkuntzako irakasle da Portugaleteko Asti Leku ikastolan azken 25 urteetan. Saritutako lanaz gain, umeei zuzendutako Moko bilduma poesia liburua (Ibaizabal argitaletxea, 2000) eta Hiriko baratzean (Pamiela argitaletxea, 2008) lanak argitaratu ditu egile honek, eta Mario Angel Marrodan 2012 saria irabazi duen At lana ere idatzi du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button