BESTELAKOAK

“Pop Pilulak” fantzinea pop-tolo dator

Pop kultura ardatz duen Pop Pilulak euskarazko fantzinearen hirugarren alea kalean da. Orotara, 15 artikulu biltzen ditu, 85 orrialdetan; inoiz argitaratu den alerik pop-toloena.

Edukiei dagokienez, artikuluak askotarikoak dira: zinea, diseinua, musika, literatura, filmetako soinu-bandak, poemak, elkarrizketak, narrazioak, bidaiak…
Batzuk aipatzearren, Yurre Ugarte idazleak Primal Scream taldea, ETAko kideak eta Antonin Artaud bildu ditu 80ko hamarkadako Londresen kokatu duen Bestiario galdua narrazioan; Danele Sarriugarte idazleak Kathleen Hanna Bikini Kill taldeko abeslariaren ibilbidea jorratu du, pop-a eta politika lotzen dituen Pop-litika izenburuko testuan; Xabier Sagardia kazetariak Adolfo Bioy Casares idazlearen La Invención de Morel literatur maisulana berreskuratu du, idazlearen ehungarren urteurrenaren harira; Julen Azpitartek 60ko urteetako Enarak euskal talde psikodelikoko taldekide Juan Joxe Iturrioz elkarrizketatu du, eta Antton Iturbek Jim Jarsmusch zuzendariaren filmografiako musika izan du aztergai; Beñat Sarasolak argitaratu gabeko olerki sorta plazaratu du…. Horrela, 85 orrialdeko ale mardula bete arte.

Fanzinea eskuragarri izango da Durangoko Azokan The Balde/Entzun! aldizkariek jarriko duten standean.
Horretaz gainera, dagoeneko banandu da zenbait tokitan: Donostiako eta Zarauzko Garoa liburu-dendetan; Bilboko MUGA tabernan, ANTI liburu-dendan, La Casa De Atras disko- eta liburu-dendan eta Mongolia arropa-dendan. Laster, Iruñeko Katakrak gunera iritsiko da, bai eta Gasteizko Zuloa liburu-dendara ere.

Informazio gehiago: poppilulak@gmail.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button