ARTEA

Artiumen bada zer ikusi uda garaian ere

Irailaren 4ra bitarte, zenbait erakusketa daude ikusgai Gasteizko Artium museoan. Hona hemen museoak berak iragarri dituen lau proposamen.

VideoStorias izenburuko erakusketak azken 40 urteetako bideo-arte espainiarraren berrikuspena egiten du 60tik gora artisten artelanen bitartez,-horietatik ehuneko berrogeita hamar baino gehiago emakumeek egindakoak dira-. Erakusketa lau ibilbidetan ardazten da eta gai ezberdinen inguruan gauzatzen dira: gizabanakoa, politika, teknologia eta bestelako hizkuntza artistikoak.

Angel Marcos artistak, berriz, Rabo de lagartija. Planificación y estrategia izenburuko erakusketa paratu du Gasteizen. Valladolideko artistak askotariko lanak bildu ditu, besteak beste, argazkiak, bideoak eta instalazioak. Botere sistemek natura imitatzeko duten gaitasuna jorratzen du Marcosen proposamenak.

Artium museoaren bildumako artelanez osaturiko Basado en hechos reales erakusketa ere ikus daiteke udan. Orotara, 90 lan biltzen dira eta euretariko asko estreinakoz erakusten dira. Artearen gaitasun narratiboa, eta postmodernitatearen azpian dagoen nihilismoa gainditzeko artista askok erakusten duten borondatea defendatzen ditu erakusketak.

Azkenik, Itziar Barrio artista bilbotarrak Detrás, al Final de la Comparsa paratu du Artiumen. Praxis programarako eginiko egitasmoa da. New York hirian bizi den artistak herri festetako ikonografia jorratu du erakusketan. Horretarako, jai giroko zeinuak (txosnak, pankartak, kartelak, eta abar) desartikulatu eta bere fikzio propioak sortu ditu, baita mitologia berriak konfiguratu ere.

Artiumen ikusgai dauden erakusketa guztien xehetasun guztiak, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button