ESZENA

“Herritmo” edo herri kirolen ikuspegi artistikoa

Arriaga Antzokiak, Oreka Tx, Kukai eta Kalakan taldeek sorturiko Herritmo lanaren estreinaldia hartuko du bihar, abenduaren 11n.

Obra honetan, dantza, musika, kantua eta herri-kirolak uztartzen dira Oreka Tx (Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte), Kalakan hirukote (Thierry Biscary, Jamixel Bereau eta Xan Errotabehere) eta Jon Mayak zuzentzen duen Kukai Dantza Konpainiaren partaidetzarekin. 

Lanaren helburuetariko bat herri kirolen ikuspegi artistikoa ematea izan da, “inspirazio iturria izan da beti herri kirola” esan du Harkaitz Martínezek. “Diziplina hauek guztiek oreka eta indarra dute komunean, guztiak dira herri-erritmoaren sortzaile, eta oreka eta indarra kontzeptuak (edo indarren arteko oreka) oso inportanteak dira beti. Hortaz, herri batek daukan pultsoaz, tempoaz arituko gara” gaineratu du.
Herri kirola, plazatik antzokira eraman nahi izan dute, eta lanbideen mugimenduak koreografia bihurtu eta baserriko lanabesen sonoritatea landu dute, publikoaren aurrean ez ohikoa den planteamendua egin ahal izateko.

Desafioa taula gainean duzue, ez baita erraza izan proiektua urrera eramateko behar izan duten lana eta entrenamendua, “izan ere, 300 kiloko harria altxatzea bezalako zerbait izan da guretzat, hau guztia burutzea”.

“Hemen, euskal kultura eta euskal tradizioa modu batean ikusten duten pertsona talde bat batu da, eta horren guztiaren arima, lan horretan ikusiko da”, esan zuen Jon Maya dantzari eta koreografoak. Izan ere, obra honetan, istorio bat kontatzen da, oso indartsua dena, bizitzaz, amodioaz eta nortasunaz hitz egiten duena.

Herritmo, diogun bezala, Oreka TX, Kukai Dantza Konpainia eta Kalakan hirukotearen arteko lankidetzaren fruitua da. Hauek guztiak Hansel Cereza (La fura dels Baus konpainiaren sortzailetako bat) zuzendariaren agindupean jarri dira.

Askoren indarra batu da lan honetan: Noemi Viana, Anne Anza, Nagore Indakoetxea, Nerea Vesga, Urko Mitxelena eta Alain Maya dantzariak; Mikel Ugarte, Harkaitz Mtnez. De San Vicente, Mixel Ducau, Juan Jose Otxandorena, Thierry Biscary, Jamixel Bereau, Xan Errotabehere eta Iñigo Egia musikariak; Alex Txikon, Ernesto Espeleta, Julen Mendieta eta Done Intxausti kirolariak; eta erabiliko diren hitzak: Uxue Alberdi, Xabier Sukia, Jon Maia, Ernest Alkhat, Amets Arzallus, Beñat Sarasola eta Luis Mari Mujikarenak izango dira.

Biharko estreinaldiaz gain, abenduaren 13an, Iruñeako Gayarre antzokian izango dira, eta gero, Gasteizko Teatro Principal (abenduak 18), Gernikako Jai alai pilotalekua (abenduak 27), Donostia Kursaal (urtarrilak 4) eta Baionako antzokia (otsailak 22) bisitatuko dituzte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button