LITERATURA

Mardarasen eta Montoiaren lan berriak kalean

Susa argitaletxeak Arrate Mardarasen Pendrive ipuin liburuaren aurkezpen ekitaldia egin du gaur berton, azaroak 27, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan.

Arrate Mardaras 1960an jaio zen Abadiñon, eta Pendrive da bere lehen liburua. Lan honek, testu solte batzuekin batera, sei ipuin dakartza. Argitaletxetik adierazi digutenez, kontakizun gehienetan ihesean dabilen jendea ageri du, leku arrotzean dagoena derrigorrean. Eta denetan amodioa mintzagai. Izan ere, ihesi dabilenak maitasuna behar du lagun. Zertarako bizi, maite duzunarengandik urrun bada?

Bihar, Susa argitaletxeak Xabier Montoiaren zazpigarren nobela den Azken Afaria lanaren aurkezpena egingo du toki berean. Aurkezpenean Jon Benito eta Xabier Montoia idazleek parte hartuko dute.

Liburuan hauxe kontatzen zaigu: “Bilboko txoko batean bazkaltzeko bildu dira lau gizonezko, gaztetan elkarrekin zuzenbide ikasketak egiten ibili izandakoak. Ogibidez abokatuak dira bi, idazlea bat eta politikan dihardu laugarrenak. Atzera begiratu eta harritu egiten dira, gazte izandako haiek zer bihurtu diren ikusirik. Oraindik ez dakite, ordea, etortzeko dagoela aldaketa handiagoa. Gau batez ertzainak bortizki sartuko dira lagun horietako baten etxean eta atxilotuta eramango dute semea. Gertakizun horrek dena nahasiko du lau adiskideen artean; jarreraz eta are ideologiaz ere aldaraziko ditu, eta ordura arte pentsaezina zena egitera bultzatuko”.

Donostian ere, gaur, J.M Coetzee idazlearen Jesusen Haurtzaroa lanaren aurkezpena egin du Meettok argitaletxeak. Aritz Gorrotxategik hartu ditu bere gain itzulpenerako lanak eta berak egin du aurkezpena.

Eta hiriburu horretan ere, eguerdiko 12:00etan, Erein argitaletxeak Javier Díez Carmonaren E-king eta Eneko Aizpuruaren Herensuge gorriaren urtealanak aurkeztu dituzte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button