MUSIKA

Jah Shaka musikari mitikoaren dub oihartzunak zabalduko dira Bilbon

Reggae eta dub estiloetan adituak direnen arabera, Erresuma Batuko Jah Shaka musikariaren itzala egundokoa da nazioarteko dub eszenan. Bada, Shakak bost orduko saioa egingo du Thunder Clap Sound System-en laguntzarekin larunbatean, Bilboko Mytho aretoan, 23:00etatik aurrera.

Emanaldia Bilbao Dub Club #2 izenburupean egingo da, eta ekitaldi horren antolatzaileen esanetan, “Jah Shaka munduko sound system eszenako musikaririk onena da. Jah Shakaz hitz egitea musikari giltzarri eta ospetsuaz mintzatzea da, mito bat, zeinak jarraitzaile masa handia daukan”.

Inork ez daki zein den Jah Shakaren benetako izena. Zortzi urterekin iritsi zen Erresuma Batura Jamaikatik, Londresera hain justu. 1960ko hamarkadaren amaieran talde batean hasi zen jotzen, baina laster, Freddie Couldburst izeneko tokiko sound system batekin hasi zen bidaiatzen.

1980an, Jah Shaka King of Zulu Tribe bere diskoetxea abiatu zuen,  African Princess taldearen Jah Children Cry diskoaren argitalpenarekin. Grabazio horren atzetik, Shakak bere estreinako lan luzea plazaratu zuen, Commandments of Dub.

Harrezkeroztik, Erresuma Batuko makina bat talderen diskoak merkaturatu ditu, tartean, Junior Brown, Sgt Pepper, Vivian Jones, Nya Sis eta Twinkle Brothers. Horrez gain, Jamaikako hainbat talderekin ere aritu da, besteak beste, Horace Andy, Icho Candy eta Max Romeo.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button