EZLEKUBAT

Antzerkirik Gabeko Nafarroa

Maletak betidanik ebokatzaileak izan dira, zenbat eta zaharragoak izan, orduan eta historia gehiago irudikatzen dute. Bizitza oso bat sartzen den maleta karratuak eta zaharrak. Ixteko eta irekitzeko zailak. Maleta bera egitea zaila izan daiteke… baita mingarria ere. Lanaren bila herritik alde egiteko maleta; erbesteratuaren hirugarren besoa den maleta,  iheslariaren poltsikoetan sartzen den maleta… jabearen bila dabilen maleta galdua, tren geltokietako nasan bustitzen den maleta… itzulerarik gabeko maletak, joateko baino ez diren maletak.

Azken aste hauetan Iruñeko kaleetan maletak ikusi ditugu, Nafarroako Antzerki Eskolaren atarian hain zuzen. Gure artean 26 urte eman eta gero Nafarroako Antzerki Eskolak joan behar duela esaten digute. Ez du nahi, ez dugu nahi, baina beste behin, erabakia ez dago gure esku. Lizarbek bere sorbalda negar egiteko eskaintzen du… baina ezer gutxi gehiago. Barcinak, portatiletik begirada altxatu gabe, “Ilaran jartzeko” esaten du.  Eta urtero pasatu garen 20.000 ikusleok? Non egingo dugu ilara leihatilak ixten dituztenean?

Hala, 300 besaulki hutsak dituen patioa segurtasun handiko kartzela bilakatzen da. Antzerkiaren ikerketa eta dibulgaziorako egitasmoa hiltzera kondenatua dagoen presoaren antzera, gobernadorearen errukitasun deiaren zain dago, azkenengo minutuan bere eskuan dagoen bizitza salbatzeko gaitasuna duen dei hura.

Nafarroan dagoen antzerki pribatu bakarra, euskarazko programazio iraunkorrarekin, urte luzeetan egindako lan txukunaren errekonozimendu baino errukitasun eske dabil.

Antzerkia krisian ezagutu dugu beti. Bere aktoreek oinak hodeietan eta sabela hutsik izan dituzte beti eta antzerkigileak, betidanik, zoro arraroak izan dira munduari zehar-mintzoak bidaliz. Baina ikusleok beti egon gara hor. Teloia altxatzen eta jaisten zenean, leihatilaren aurrean  pilatuta  euritakoaren  azpian edo funtzioa hasi baino bost minutu lehenago kaleetatik korrika. Ostiral, larunbat edo igande gauetan. Sartu baino lehenago ardo bat hartzen genuen eta irteterakoan, antzerkiaren ondoan dagoen tabernan ogi xerra goxoa. Bagenekien orduan ere antzerkia krisian zegoela, eta zinikoki  edalontziekin topa egiten genuen hurrengo hilabeteko programazioari begirada ematen genion bitartean.

Baina jada ez dago programazio gehiagorik, ez hilabeterik, ez brindisik, ez ardorik, ez ogi xerrarik, ez  Nafarroako Antzerki Eskolaren leihatilaren aurreko ilararik. Ekipajea prest daukate, eta ez beraien krisi endemikoagatik, besteen krisiaren aitzakiagatik baizik. Maleta baten gainean jesarrita telefono dei baten zain daude.

Ondo legoke Olentzerok aurten beraiek kontuan hartzea.

Hala ere, ikazkin mozkortia hurrengoa izatea litekeena da. Aspaldi honetan, Iruñean behintzat, ikatzaren ordez isunez lepo dauka poltsa. Nafarroan ez da erraza Olentzero, aktorea, antzerkigilea, euskalduna edota ikuslea izatea. Sarritan maletak egiteko gogoa izaten dugu… baina beti ere osasun gaiztoko itxaropena daukagu: maletak lehenago egin behar izatea besteek.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button