ESZENA

Antzerki, dantza, musika eta zinea, Getxoko Muxikebarrin

Urtarrileko lehenengo astera arte antzerkia, dantza, haurrentzako ikuskizunak, musika eta zinea izango dira protagonistak Getxoko Arte, Kultura eta Kongresu zentroan, Muxikebarrin.

Egitaraua udazkenean hasiko da, eta lehen hitzordua giro musikalaz blaiturik izango da. Hurrengo hiru hilabeteetan, honako talde hauek jardungo dira Muxikebarrin: Arnau Griso bikote kataluniarra (urriaren 19an), Beude bira abian duen Berri Txarrak banda (urriaren 24an) eta Huntza (azaroaren 15ean, Udagoieneko Ostera zikloaren barruan). Musika klasikoaren atalean, urriaren 30etik azaroaren 2ra, Aste Koralak zikloak Japonia, Ukraina eta Erresuma Batuko abesbatzak bilduko ditu.  Azaroaren 29an, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa jardungo da Muxikebarrin Fernando Velazquezek zuzenduta. Eta, azaroaren 10ean, zarzuela izango da lehenengo aldiz Getxon.  Amaitzeko, urtarrilaren 4an, Alare: Euskal operaren urrezko bristadak izeneko ikuskizuna izango da.
Omenezko kontzertu berezi batzuk ere antolatu dira, hala nola,  La fuerza del destino: Homenaje a Mecano (azaroaren 9an) eta Amy Winehouse-en omenezko kontzertua (abenduaren 28an). Nazioarteko Trikitixa Jaialdiak bere txokoa izango du azaroaren 30ean eta, abenduaren 3an, Hezurbeltzak taldeak kontzertua eskainiko du. Dantza eta musika bilduko dituzte Xabi Aburruzagak eta Andoni Aresti Dantza Eskolak, abenduaren 22an.

Antzerkia diziplinari dagozkion saio batzuk bidean daude, baina hurrengo hilabeteetan eskaintza anitza izango dute antzerkizaleek. Azaroaren 16an, Elisa y Marcela komedia; abenduaren 1ean, Copenhague obra; abenduaren 14an, Último tren a Treblinka; eta abenduaren 27an, Intocables antzeztuko du Pentación taldeak.

Zinemari dagokion programazioa ere interesgarri dator. Urriaren 17an, 23an eta 31n Athletic Fundazioak antolatzen duen Thinking Football Festivaleko saridun filmak proiektatuko dira, eta azaroaren 11tik 14ra, Mendi Tour zikloa izango da.

Xehetasun guztiak hemen topatuko dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button