ARTEA

“Aktionismus”, Alain Urrutiaren erakusketa

Alain Urrutiak (Bilbao, 1981) bere margolanekin osaturiko erakusketa paratu du Bilboko Rekalde aretoan Aktionismus izenburupean. Bilbotarrak 70eko hamarkadako performanceen argazkietan oinarritu da 18 lan hauek egiteko. Erakusketa zabalik dago uztailaren 1era bitarte eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Barriek programaren baitan egin da.

Orotara, paper gaineko hamazortzi tinta jarri ditu erakusketan, formatu handiak eta gama kromatiko mugatuak (grisak, beltzak eta zuriak) erabiliz.
Tania Pardok erakusketaren harira idatzitako testuan irakur daitekeenez, Urrutiak irudiaren bitartez ikertzeko beharrizana dauka. Hala, teknika piktorikoan baino irudiaren ikerkuntza lan horretan egiten ditu ahaleginak. Errepresentazio figuratiboan oinarrituta dagoen konposizioa erakusten du.

Artista bilbotarraren irudiak egunerokotasunean iltzaturik daude, eguneroko errealitate eta bizipenetan dute sorburua. Horrela, telebistatik edo egunkarietatik harturiko irudiak dira bere lanen jatorria. Beti ere, irudi lausotuak, malenkoniatsuak eta irrealtasun kutsua dutenak gauzatzeko.

Kasu honetan, 70eko hamarkadako performanceen argazkiak dira Aktionismus-en oinarria. Vienako akzionismoko artista batzuen obra izan du oinarri, hain zuzen ere.
Berria egunkariari adierazi dioenez, “Vienako akzionismoaren inguruan interes handiarekin hasi nintzen. Artista batzuen lana segitzen hasi nintzen; Otto Muehl, Guenter Brus eta horrelako artistena lehenengo, eta, gero, zabaltzen hasi zen performancearen inguruko nire interesa”. Artista horien lana berrinterpretatze du helburu Urrutiak Aktionismus erakusketan.

Gogoratu erakusketa uztailaren 1era bitarte dagoela zabalik. Erakusketarekin loturiko xehetasun gehiago Rekalde aretoaren webgunean jasotzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button