ESZENA

ATX Teatroak “Fakiu” aurkeztuko du Bilboko Zirkuituan

Antzerki eta dantza sortzaile eta talde hasi berriei zuzendutako programazioa da Bilboko Zirkuitua, zeina ostiralean hasiko den, Bilborock aretoan, 20:00etatik aurrera. Egun horretan ATX Teatroa taldeak Fakiu antzezlana aurkeztuko du, Fredi Paiak idatzia, euskaraz, eta Iñaki Ziarrustak zuzendua.

Horrekin batera, Zarzaparrilla musika taldeak zuzenekoa emango du; talde horrek, hain justu, Fakiu obraren musika ere jotzen du. “Swink banda, Bilbon sortua 2014an, Alde Zaharreko kaleak astintzeko asmoz. Orain swinka jotzen duten punkak eta eurek ere ez dakite nola amaitu duten hori egiten”.

Hauxe da Fakiu obraren sinopsia: “Gosea, txizalarria, maitasuna, gorrotoa, egarria, sexua, bildurra…eta, zelan ez!…. biolentzia. Besteak beste, gure instintuetako batzuk dira hauek. Eurei esker bizirauten dogu Historiaurretik gaur egun arte. Oinarrizko erremintak izan dira, badira eta izango dira bizitzan aurrera egiteko, animalia guztiakaz partekatzen doguzan tresnak. Ezin izango geunke bizi euretariko bat kentzen badeuskue, ez ginateke bete-beteak izango”.

Hil honen 18an, halaber, Ana Capillaren Feedback, concierto escénico performancea ere ikusi ahal izango da, Otxarkoagan. “Zuzeneko musika eta dantza ikuskizuna da, eta bertan, baxu elektrikoak, kontrabaxuak, gitarra akustikoak eta loop jolasak ematen diote soinua dantzaren, ahotsaren eta diskurtso eszenikoaren arteko elkarrizketari”.

Bilboko Zirkuituaren XVII. edizioa izango da, eta Bilboko 14 taldek parte hartuko dute, 19 emanaldi eskaintzeko. Programazioa martxoaren amaierara arte zabalduko da.

Informazio gehiago: kulturabarrutik.eus.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button