ESZENA

“Bilbon Eskolatik Antzerkira” programa

Datorren urteko maiatzera bitartean, Bilbon Eskolatik Antzerkira programak Bilboko ikastetxeetako ikasleei zuzendutako hainbat  emanaldi eskainiko ditu, Otxarkoagako Udaltegian, Campos Antzokian eta Azkuna Zentroan. Eskola Antzerki Lehiaketaren beste edizio bat ere antolatu da ekimenaren baitan.

Arte Eszenikoetarako ikus-entzule berriak prestatzea eta txikienen artean antzerkiko sorkuntza lana bultzatzea da Bilboko Udalak abiatzen duen egitasmoaren xedea. Konpainia profesionalek umeei zuzenduta prestatu dituzten lanez gain, sorkuntza  ere bultzatzen da Bilboko ikastetxe guztietako gazteentzat, betiere, laguntza ekonomikoa eta aholkularitza profesionala eskainita.

Ikasturte berri honetarako 28 emanaldi programatu dira, zazpi konpainiaren eskutik, eta denboraldia azaroaren 13an hasiko da, Campos antzokian, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta egongo den Madrilgo 300 Pistolas Teatro konpainiaren El perro del hortelano antzezlanarekin (gaztelaniaz izango den bakarra).

Diogun bezala, ekimenaren barruan Eskola Antzerki Lehiaketa ere izango da. Hala, irabazten duten taldeentzat dirutan banatuko diren sariez gain, “parte hartzen duten ikastetxe guztiek 300 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko dute, ikasturtean zehar egin beharreko muntaketetan laguntzeko. Modalitate bakoitzeko (7 guztira) lan irabazleek diploma bat eta 300 euro jasoko dituzte, eta, horrez gain, euren sorkuntza lana ikus-entzuleen aurrean aurkezteko aukera izango dute, Arriaga Antzokian ospatuko den Eskola Antzerki Jaialdiaren barruan”.

Iaz, Bilboko 15 ikastetxek hartu zuten parte, eta 25 lan aurkeztu zituzten.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button