ARTEA

Zirkunferentzia kurba itxi bat da

Bihar, azaroak 9, Donostiako Emakumeen Etxean, 19:00etan, Maria Altuna, Izaro Glez. Ieregi, Lierni Esnaola, Mikela Cueli eta Ustaritz Betelu artistek osaturiko Zirkunferentzia kurba itxi bat da izeneko erakusketa inauguratuko da.

Ustaritz Beteluk idatzi duen bezala, artetik, feminismotik eta sormenetik borobildutako proiektua da: “Emakume artistez osatutako talde bat sortzearen ideia, orain dela 10 urteko gauza da. Asetzeke zeuden beharrei aurre egiteko. Gure arteko sinergiak bilatu, eta artearen inguruan hausnartzeko esparrua sortzeko. Hala ere, Leitzako topaketetan (2012) izan ginen Bilgune Feministarekin elkarlanean. Suertatzen ziren arazoei aurre eginez onarpen handia izan zuen erakusketa eta tailerra antolatu genituen. 60 emakume inguruk parte hartu zuten gure proiektuan. Piruletak jaten genituen bitartean performance eta ideia paregabeak eraikitzen joan ginen eztabaida ireki batekin amaituz.
Eta aurrera jarraitzea erabaki genuen, formatu berdinari, edo antzekoari, eutsi eta leku ezberdinetan aurkeztea. Horrela heldu da Zirkunferentzia kurba itxi bat da erakusketa Donostiako Emakumeen Etxera. Ilusio handiz. Taldeak aldaketak izan baditu ere, funtsean nahi eta behar berdinei erantzuten dielako”.

Berez, erakusketa ibiltari izateko xedearekin jaio da proiektua, eta talde honek tailerrak eta konferentziak egiteko asmo sendoa hartua du, izan ere, “artearen historian eragin nahi dugu eta aktibismoa izango da gure lan egiteko modua, guk horrela ulertzen dugulako. Gure inguruak aktibatu, kontzientziatu eta inolako konplexurik gabe bidean aurrera goaz”.

Talde honek, gaur egungo arte sistema honetan ez du lekurik topatzen, eta hala, artista jenioaren ideiatik aldentzen da, artistak izan behar duen ardura sozialean sinesten dutelako. Ohartuta daude euren lanek ikuslearengan, jendartearengan, izan dezaketen influentziez eta horregatik, ikusle eta artistaren artean ematen den hartu-emana indartu nahi dute.

Donostiako Emakumeen Etxeko sotoan, azaroaren 9tik datorren urteko urtarrilaren 5era bitartean, baduzue zerikusi eta zertaz hausnartu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button