MUSIKA

Getxo&Blues jaialdia, afroamerikar sustraietako musikaz blai

Uztailaren 14tik 16ra, eta Algortako Biotz Alai plazan, afroamerikar sustraietako musikaz beteriko programazioa ekarriko du Getxo&Blues jaialdiak.

Ohikoa den bezala, Getxoko Nazioarteko Blues Jaialdiak “musika mota honen aberastasuna erakutsi dio jendeari, eta bluesari merezi duen garrantzia ematearen aldeko apustua egin du. Horregatik, Getxon blues musika da jaialdiko protagonista bakarra, hiru egunetan jendeari generoaren aniztasuna hurbilduko diona.”

Aurtengo kartela paregabea izango da. Lehen egunean, uztailaren 14an, eskola zaharreko abeslaria den Sugaray Rayford etorriko da. Muddy Watersen, Otis Reddingen eta James Brown kantarien  kutsua dauka. 2013ko Blues Music Awards sariketan, Blues Tradizionaleko Diskorik Onenaren saria irabazi zuen. Egun horretan ere, Travellin’ Brothers taldeak joko du, One Day In Norway disko berria aurkezteko.

Bigarren egunean The Original JB’s James Brown Band arituko da Getxon. Martha High abeslariak eta Danny Rayk gidatzen dute James Brownen ondarea zabaldu nahi duen talde hau. Proiektu ederra da, kontzertuetan biltzen duten diruaren zati bat baliabiderik gabeko gazteentzat musika-programak ordaintzeko erabiltzen baitute.

Azken egunean, eta Getxo&Bluesi amaiera emateko, New Yorkeko Popa Chubby bluesmanak kontzertu ahaztezina emango du. New Yorkeko Bronxen hasi zen jotzen 90eko hamarkadan Popa Chubby, eta ZZ Top, Motörhead, BB King eta Muddy Watersengandik hurbil dabilela esan daiteke, rock klasikoaren kutsuarekin.

Jaialdiko egitaraua osatzeko, doako kontzertuak eskainiko dituzte Iker Piris & Blas Picónek eta Bocinegro talde kanariarrak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button