LITERATURA

“Erlea” aldizkariaren ale berria

Maiatzaren 6an, ostiralean, Erlea kultura aldizkariaren laugarren zenbakia aurkeztuko da Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, goizeko 11:30ean.

Afrikara itzuliko a Erlea aldizkaria oraingo honetan ere. Erlearen hirugarren zenbakiak Afrika hurbildu zion irakurleari -Aljeria eta Magreb izan ziren orduan protagonista- eta orain, laugarrenarekin Afrika beltzera doa, gai nagusi baten inguruan hausnarketa egiteko: Zein da Afrikako literaturaren hizkuntza? Europako hizkuntzetan idatzitakoa afrikar literatura da? Bakarrik hizkuntza indigenez sortua dagoena da afrikar literatura? Hautua egitekoa ezinbestekoa da?

Hiru ahots ekarriko ditu aldizkariak: Obiajunwa Wali nigeriarra, Ngugi wa Thiong’o kenyarra eta 1995ean Nigeriako Gobernu militarrak urkatu zuen Ken Saro-Wiwa  ogoni leinuko ingurumen aldeko ekintzailea. Honez gain, Lander Arbelaitz, Juanjo Olasagarre, Urtzi Urrutikoetxea, Lorenzo Rojo eta Koldo Izagirre kazetari eta idazleek artikulu bana idazten dute Afrikaz.

Zaldieroaren komikia, Urrezko liburutegia eta Foroa – azkenaldiko liburuak ohiko atalak ere ekarriko ditu Erlea-k.

Bestelako gaiak badira aldizkarian: Xabier Lete, Jose Arratibel eta Jose Ordorika gogoan, Jean Haritschelharri elkarrizketa, Josu Iztuetaren objektuak, Miren Agur Meabe, Anari, Igor Estankona eta Jon Casenaveren poema banaren atzeko aldeak, Joxemari Iturralde, Piarres Antziart, Aingeru Epaltza, Jabier Muguruza, Bernardo Atxaga, Andres Urrutia, Felix Ibargutxi edota Pello Esnalen artikulu eta ipuinak, besteak beste.
Aurreko zenbakietan agertutako izen batzuekin batera, beraz, izen berriek beren ahotsa aurkitzen dute Erlea aldizkariaren 4. zenbakian.

Erlea aldizkaria Euskaltzaindiak argitaratzen du eta Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzain osoa da zuzendaria. Pamiela argitaletxea arduratzen da edizioaz eta diseinuaz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button