MUSIKA

Getxoko Jazzaldia uztailaren lehen egunetan izango da

Getxoko 43. Jazzaldia uztailaren 3tik 7ra egingo da. Gaur berton, talde eta ekitaldi guztien gaineko xehetasunak eman dituzte prentsaurrekoan.

Aurten, kostaldeko herrira, Andrea Motis, Julian Lage gitarra-jotzailea, Kenny Barron pianista, Madeleine Peyroux eta  Paquito D’Rivera artistak joango dira. Guztira 17 taldek hartuko dute parte eta 20 kontzertu programatu dituzte, jazz denboraldi luzearen ateak zabalduko dituen jaialdian.
Getxoko Jazzaldiaren lehenengo egunean estatuko eszenan nabarmendu den Andrea Motis tronpeta-jotzaile eta abeslaria arituko da, “etorkizun handiko artista”.
Uztailaren 4an, Julian Lageren (1987, Kalifornia) txanda izango da. Lage etorkizun handiko artista da jazzaren munduan. Jazzaren izen handiekin elkarlanean aritu da, esaterako Gary Burton, Jim Hall, David Grisman, Béla Fleck eta Charles Lloydekin. Lau disko egin ditu taldeko buru gisa; horietako azkena, Love Hurts, duela gutxi kaleratu zen.
Hurrengo egunean, uztailaren 5ean, Kenny Barron (1943, Filadelfia) pianista eszenatokira igoko da. 12 urte zituela hasi zen pianoa jotzen, 1957an profesional gisa jarduten hasi zen eta handik urte gutxitara New Yorkera bizitzera joan zen. Roy Haynes, Lalo Schiffrin, Ron Carter, Freddie Hubbard, Stanley Turrentine musikariekin jo du, bai eta Yusef Lateef, Milt Jackson, Jimmy Heath eta Stan Getzen bandetan ere.
Uztailaren 6an, Madeleine Peyroux jardungo da, nazioarteko jazzaren ahots handienetariko bat. Madeleine Peyroux (1974, Georgia) XX. mendeko jazz eszenan sortutako abeslari arrakastatsuena da eta bere ahotsa Billie Holidayarenarekin alderatzen dute.
Paquito D’Riveraren (1948, Habana) eskutik amaituko da jazzaldia uztailaren 7an. Haur prodijioa zela bakarlari gisa hasi zen jotzen eta handik urte gutxira Kubako Orkestra Sinfoniko Nazionalean sartu zen. Getxon zazpikotean jardungo da Cariberian Tour birarekin.

Horiez gain, Talde Lehiaketako kontzertuak ere izango dira. Aurten, 66 taldek parte hartu dute aurreneko fasean, eta horien artean, Poloniako Szymon Klekowicki Sextet, Claudio Jr. de la Rosa laukote holandarra eta Espainiako Marc Martin Trio eta Jose Angel Llorente 5et aukeratu dira.

Proiektu gazteen presentzia nabarmentzeko Hirugarren Milurtekoaren ataleko kontzertuak ere programatu dira. Eta horiez gain, Kristalezko Kioskoaren zikloko emanaldiak ere antolatu dira,  bai eta Lindy Hop dantza estiloko eskola ireki bat ere.
Erakusketak ez dira faltako; aurten bi: Jazz. Henrry Matiss izenekoa Torrene aretoan, eta Enrique Cresporen argazkiak Kultur Etxean.

Programazio guztia hemen duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button