
Noka Mentoring emakume zuzendari berrien film luzeen proiektuak tutorizatu, babestu eta bultzatzeko programa da, eta proiektuak aurkezteko deialdia zabalik izango da urtarrilaren 21era arte. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako programa, eta Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezkoen arloak koordinatzen du Zineuskadirekin lankidetzan.
“Noka Mentoringek 4.000€-ko diru laguntza eskaintzen die zuzendari parte-hartzaileei euren filmen hasierako fasean; zuzendari-txosten sendo bat eta gidoiaren lehen tratamendua egiten lagunduko zaie, eremu zinematografikoan gaur egun eskaintzen diren garapen-laguntzak eskuratzeko aukera izan dezaten, bai Eusko Jaurlaritzakoak, bai ICAAkoak (Kultura Ministerioko Zine eta Ikus-entzunezko Institutua), eta baita nazioarteko industria zinematografikoko foro profesional eta erresidentzietara aurkeztu daitezen. Ikusmira Berriak programara, besteak beste”.
Noka Mentoring Euskal Herrian jaio edo bizi diren eta fikziozko edo ez- fikziozko film luzeko proiektuak dituzten emakume zinemagile berriei zuzenduta dago.
Prozesu osoan proiektu bakoitzarentzat ad-hoc hautatutako hiru tutore egongo dira eta horiek hiru proiektuen jarraipena egingo dute programa osoan zehar. Hiru tutoreen profilek lotura zuzena izango dute zinema-sorkuntzarekin. Mentoringean bi alderdi konbinatuko dira: batetik, film baten ideazio-prozesura sormenaren bidez hurbiltzea eta, bestetik, proiektu horiek merkatuan eta zinemaren industrian txertatzeko beharrezkoak diren moduluen eskaintza.
Deialdiaren jakingarri guztiak: Noka.



