LITERATURA

Zoriontsuak izatea aukeratu genuen

Mikel Ayllon idazleak  izenburu eder hori duen liburua kaleratu du, Donostia Hiriko Kutxa Literatura Saria izan dena.

“Bost urte izango nituen, edo zazpi. Zortzi, igual. Ez naiz bereizteko gauza. Kontua da hankak motzegiak nituela aitari mendian gora jarraitzeko. Eta ematen zuen aitak ez zuela beste egitekorik. Kosta egin zitzaidan ulertzea hura zela maitasuna erakusteko zuen modua. Ahuntzek besterik ibiltzen ez zituzten bideetan gora joatea. Besarkada batekin nahikoa eta sobera izango nuen. Total, 80ko hamarkada zen. Gozotasun doi batekin konformatzen ginen.”

Lanaren sinopsia Elkar argitaletxeak luzatu digu: “Anjak lana, familia eta sorterria utziko ditu, ezagutu duen maitearen atzetik joatearren; Marcok haurtzaroko mendietako mamuak ahaztu nahiko ditu itsas lainoen artean; Rosalia beretik eman eta eman ariko da, ordainetan deus gutxi eskatu gabe; Amaiak ez du bere institutuko lagunen moduan amaitu nahi; Izaskunek badaki beste pertsonei nola lagundu, bere buruarekin asmatzea falta…
Zoriontsu izan nahi dute istorio hauetako protagonistek, baina badakite zoriona ez dela iragarkietako zelofanetan bildutako opari hori; are, susmatzen dute, ahaleginduagatik ere, ez zaiela trukean etorriko betiereko paradisurik. Baina ezin bertan goxo geratu, ezin etsi…”

Donostia Hiriko Kutxa Literatura Saria irabazi du Mikel Ayllonek ipuin-bilduma eder honi esker, “non hitzek edertasuna bilatzen duten, non edertasuna istorio baten zerbitzura dagoen, eta non istorio horrek gogoeta eginaraziko digun bizitzaren zentzuaz, eta baita geure bizimoduaz ere”.

Mikel Ayllon (Laudio, 1980) itzultzailea da ogibidez. 2015ean kaleratu zuen bere lehen nobela, Ez tiro egin anbulantziei, Igartza bekari esker. Beste zenbait literatura sari ere irabazitakoa da, hala nola Getxoko Ramiro Pinilla Nobela Laburren Lehiaketa edo Donostia Hiriko Kutxa Literatura Saria, esku artean duzun ipuin-bilduma honekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button