ESZENA

Kalitatezko kultura eszenikoa, Gasteizen

Gasteizeko Antzokien Udal Sareak emanaldiz beteriko udaberriko denboraldia ondu du. Egitaraua apirilaren 11n hasiko da eta 38 proposamen eskainiko dira ekainaren 30era arte. Hiru hilabete horietan, antzerkiaz, musikaz, dantzaz eta zirkoaz gozatzeko aukera izango da.

Hain zuzen ere, eta antzerkiari dagokionez, lehen egun horretan Khea Ziater taldeak La sed del minotauro egingo du. Alex Gerediaga zuzendariarena da La sed del minotauro antzezlana. Khea Ziater taldearen pieza berrian, Jon Ander Urresti, Ainhoa Artetxe, Leire Ucha, Arrate Etxeberria eta Txubio Fdez. de Jaureguik hartzen dute parte. Antzezlanean antiheroiak, izaki nahigabetuak eta apur bat desesperatuak, borroka galtzeko beldurrari aurre egiten dioten izakiak, gizon eta emakume bihotz handikoak dira protagonistak. Horiek horrela, “gurutzatzen diren istorioen arteko talka eder bat eraikitzea da asmoa, eraldaketa gertakari bat: berehalako hondoratze baten denboraren eta erreskate baten une magikoaren artekoa”.

Apirilaren 13an Lasala dantza taldeak Shine egingo du. Pieza horren bidez konpainiak bizi garen garaietako askatasunaren kontzepzioaren inguruan hausnartzeko gonbitea luzatu nahi dio publikoari. “Arrakastaren eta gorputzaren martirioaren ideia agertzen da obran, gaur egungo gizartea aztertzen. Lana oihu desesperatu bat da, gorputzaren objetualizazioa, hedonismoarekiko adikzioa, epe laburreko mendekotasuna eta ihesaren etengabeko bilaketa jorratzen dituena. Pieza, dantzaren kodeetan, spoken-word-ean, soinuan eta eszenaratze baten distiran oinarritutako esperientzia da. Eszenaratze horretan, zortzi interpreteren gorputzek gizarte/linbo horren distirak eta ispiluak islatzen dituzte, nortasuna definitzea da helburua. Lanak gure espiritualtasunaren definizioa bezalako gaiak jorratzen ditu, orain arteko irizpenen arabera.”

K . Producciones eta Tanttaka Teatroa taldeek El nadador de aguas abiertas ekarriko dute. “Nilo aktore kaskarra da, eta jada ez diote lanik ematen. Walrus familia-trauma bat ezkutatzen duen igerilari zaildua da, eta hari esker, Nilok igeri egiten ikasiko du berrogeita zortzi urterekin, eta bide batez bere bizitzako ikasgairik garrantzitsuena ere jasoko du”.

Neomak taldeak Kontu zaharrak berri izeneko kontzertua eskainiko du apirilaren 23an, 19:30ean. Neomak ezarritakoa apurtzera dator, trikiti eta pandero tradizionala elektronikaz blaituz, istorio zaharrak berritzera, entzulea dantzarazi eta gozarazteko.
Aipatu beharreko beste lan bat Arriaga Antzokiak ekoizturiko Festen da, maiatzaren 15ean ikusi ahalko dena.

Beste emanaldien gaineko informazio guztia, eta zer, noiz eta non, hemen topatuko duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button