IKUS-ENTZUN

“Noir” kutsuko filmak, Mikrofilm jaialdian

Genero beltzeko film laburrak ardatz dituen Plentziako Mikrofilm Short Festival nazioarteko jaialdiaren bigarren edizioa uztailaren 5ean eta 6ean egingo da Plentziako elizaren plazan.

Aurtengo deialdian 248 lan jaso dituzte, eta horietatik 15 aukeratu dituzte asteburu honetan proiektatzeko: Animation attack (hainbat egile, Danimarka); Heads Up (Alex Merkin, AEB); Death of a Shadow (Tom Van Avermaet, Belgika); The mass of men (Gabriel Gauchet, Erresuma Batua); Negro (Wal, Argentina); Parrot Peeter Aurelius (Anti & Ando Navlainen, Estonia); Sunset Day (J.A Duran, Espainia); Banda Ancha (Javier Cirujeda, Espainia); Necrolovers (Victor Uribe Parraguez, Txile); The Last Round (Ted Atherton, Kanada); Candy Hearts (Joan Martín Giménez, Espainia); The Devil (Jean Gabriel, Espainia); Revenie (Valentín Ggarin, Alemania); Halowin (Paco Torres, Espainia); eta, azkenik, Greta Oto (Marina Poddubnaya, Errusia).

Guztiak, jakina, noir generoko lanak dira, eta bi sari lortzeko lehiatuko dira: 1000 euro film labur onenarentzat, eta 500 euro ikus-entzuleen sariarentzat. Epaimahaikideak hauexek dira: Haritz Zubillaga EHUko irakaslea eta genero fantastikoa landu duen zinegilea; Idoia Esteban Arte Ederretan lizentziaduna eta zinean eta bideoklipen ekoizpenean ibilbide luzea egin duena; eta, azkenik, Pedro Rivero ekoizlea, zuzendaria eta gidoilaria.

Bestalde, zine emanaldiez gain, bestelako ekitaldiak ere antolatu dira: Joseba Irazoki, Last Fair Deal eta HEX taldeen kontzertuak. Azken hori jaialdirako propio eginiko proiektua da, eta Murnau zuzendariaren Nosferatu film klasikoan oinarritzen da. Haritz Zubillaga (She´s Lost Control), Aitor Abio (Matxura, TT L.T.), Mikel González (Ama Say, Barents) eta Ibon Rodriguezek (Eten, Le Noise) parte hartu dute proiektu zinematografiko eta musikal horretan.

Azkenik, nabarmendu antzerkiak ere bere tokia izango duela jaialdian. Egitarau osoa mikrofilmfestival.com webgunean dago jasota.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button