ARTEA

XXI. mendeko euskaldunen argazkiak

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak XXI. Mendeko Euskaldunak erakusketa antolatu du Bilboko Ondare Aretoan. Amaia Hormaetxek eta Ander eta Endika Basaguren anaiek egindako 21 argazki ikus daitezke apirilaren 21era bitartean. Irudiotan ohiko euskaldunen irudiak eta modernitatearen ezaugarriak nahasten dira.

Erakusketak Amaia Hormaetxek eta Ander eta Endika Basaguren anaiek egindako 21 argazki biltzen ditu eta ohiko euskaldunen irudiak eta arketipoak, eta modernitatearen elementuak uztartzen ditu: aizkolari bat rotaflex bat erabiltzen, Olentzero moto gainean…

Ondare Aretoan ikus daitekeen proiektuaren hiru egileek tradizioa eta modernitatea ez direla kontrajarriak helarazi nahi digute lan honen bitartez: tradizioa modernitatera egokitzen da eta haren lekua hartzen du teknologia berriak nagusi diren mundu globalizatu honetan.

Sortzaile bizkaitarren proposamen artistikoak bi atal ditu: Euskal Herrian eginiko 14 argazkik osatzen dute lehena, eta, bigarrena, berriz, Londresen bizi diren euskaldunen zazpi argazkik. Horrela, erakutsi nahi dute nola mantentzen den euskal kultura Euskal Herritik at.

Erakusketa honen aurretik Londreseko Oxford Gallery–n egon da ikusgai, eta harrera ona izan du. Egileek Bartzelonan eta Madrilen ere erakutsi nahi dute erakusketa, baita euskaldunen presentzia handia dagoen beste leku batzuetan ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button