
Mikel Lertxundi artistaren Formatik Haratago izeneko erakusketa ikusgai izango duzue, Durangoko Arte eta Historia Museoan, martxoaren 30era bitartean.
Naturaren elementu hauek: harriak, ura, burdina, sua, egurra, airea, …. Horiexek dira Mikel Lertxundiren erakusketa horren osagaiak, hein handi batean, formatik haratago eraman dituenak.
Bere erakustean elementu horien formak nahastu egiten dira, eta bere eginkizunetik sorturiko obrak organikoak, biziak, fisiologikoak, naturalak, eta zurrunak dira, beti ere, natura, formatik haratago eramanik.
Mikel Lertxundiren hitzetan: Inguratzen gaituen guztia forma eta kolorea da. Pare bat lerro zuzen eta kurbo batez laburbildu daiteke guztia. Hain sinple eta hain eder. Hain gutxi behar da asko agertzeko eta iradokitzeko. Hara hor naturaren handitasuna eta artearen grazia. Hiru zirkunferentzia zentrukideren bidez deskribatuko nuke nik mundua: erdian, margo ilunenarekin, burdinazkoa, metal mota guztien ordezkari; haren gainean argiagoa, harrizkoa, ozeanoak hartzen dituena eta azkenik, landaretzak osatzen duena, hau da, zurak edo egurrak.
Espazioaren indar batzailea eta espazio-elementuen interakzioa inspirazio iturri eta ikerketa gai izan da niretzat urte luzeetan. Harriaren eta uraren elkarretaratzeak, burdina eta suaren fusioak, eta egurraren eta airearen sinkroniak konnotazio plastiko aberatsak eta sakonak iradokitzeaz gain bizitzaren erroetara lagundu naute. Hara hona gogoeta batzuk.
Durangoko Arte eta Historia Museoaren webgunean duzue informazio guztia.