
Ana Malagonek (Donostia, 1978) 2014an argitaratu zuen bere lehen ipuin-liburua, Lasai, ez da ezer gertatzen. Lan horren harira, ondokoa esan zuen Iban Zaldua idazleak: “Frustrazioaren koordenadak erakusten dizkigu bere orrietan, insatisfazioaren eta inkomunikazioaren kartografia”.
Orain, Gelditu zaitezte gurekin bigarren narrazio-liburua plazaratu du, eta Elkar argitaletxearen arabera, “(ipuinok) era askotakoak dira, (…) baina denetan ageri da halako sentipen asegaitz bat”.
Narrazioon protagonistak norberaren lekua ezin aurkitu ari dira: gazte, heldu eta zaharrak. “Familiaren oporretako etxean bildu dira berriro anai-arrebak jada helduak direnean, baina hor daude oraindik min zaharrak; etxebizitza erosi du azkenean emakume gazte batek, modu onean gainera, baina han bizi den agurea bertan geratzekotan; berrogei urte betetzean, gaztetan hegoalderantz egindako bidaia berregitea erabaki dute lau lagunek…”.
Ikus-entzunezko komunikazioa ikasia, Malagonek proiektu digitalen diseinuan egiten du lan. “Bergirada zorrotz eta idazketa zehatz baten jabe da, eta dohain horiek egiten dute egungo gizarte zatikatu eta kontraesankor hoben berriemaile aparta”.