MUSIKA

John Coltrane gogoan

Kutxa Kultur-ek, Musikenek eta Jazzaldiak abian jarritako Kutxa Kultur Klubeko kontzertu zikloan, bigarren kontzertua izango da otsailaren 10ean, 21:00etan. Oraingo honetan, Mikel Andueza saxofoi-jotzaileak, Joaquin Chacón gitarristak eta Gonzalo Tejada kontrabaxu-jotzaileak John Coltrane (1926-1967) saxofoi-jotzailearen eta haren Crescent LParen omenezko kontzertua eskainiko dute.

Hiru musikariok, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian irakasle direnak, bateriarik gabe  eta ezohiko hirukotea osatuz, Crescent Coltrane deitu duten topaketan arituko dira.
Oinarria  “1964an argitaratu zen estatubatuarraren jatorrizko grabazioa” izan da.

Saxofoi klasikoan graduatua, jazz-saxofoian diplomatua eta Hezkuntzaren Psikoteknikan doktorea, Mikel Andueza nafarra estatuko auditorium garrantzitsuenetan aritu da. Hogeita hamarren bat jazz-disko baino gehiago grabatu ditu. Musika klasikoan orkestra askorekin kolaboratu du eta kontzertuak eman ditu hainbat herrialdetan.

Joaquin Chacón gitarrista eta konpositorea Madrilen jaio zen 1962an,  eta Madrilen eta Bartzelonan zeuden lehenengo jazz-eskoletan ikasitakoa da. Talde propioa osatu du, eta, aldi berean, beste hainbat talderekin lan egin eta grabatu du, beti nazioarteko artista ospetsuen ondoan.

Gonzalo Tejada (Donostia, 1960) konpositorea da, eta baxu elektrikoa eta kontrabaxua jotzen ditu. Interprete gisa jazzaren esparruan garatu du bere ibilbidea, estatuko eta atzerriko bakarlari ugariri lagunduz eta disko askotan kolaboratuz. Hiru liburu idatzi eta argitaratu ditu: Charlie Parker, lenguaje y técnicas de improvisación, Técnica avanzada para el contrabajo de jazz solista eta Keep Walking.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button