ARTEA

Zentzu estetikoaren inguruan

Hodei Herreros artistak Kosmetai izeneko erakustea abiatuko du gaur (maiatzaren 19ra arte) Gasteizeko Montehemoso Kulturunean.

Sorkuntzaren alorreko azken joerei zabalkundea emateko eraturiko Ikasleentzako deialdiaren azken edizioan, Montehermoso kulturuneak eta EHUren Arte Ederren Fakultateak lau proiektu aukeratu dituzte, tartean, Hodei Herreros artistarena. Montehermoso kulturuneak profesionalizatzeko bidean dauden sortzaileen lanak ikusarazten laguntzen du, eta lanerako plataforma eskaintzen die haiei mundu profesionalera hurbiltzeko.

Hodei Herreros (1997) artista gasteiztar-granadarraren Kosmetai erakusketan “zenbait siluetak eta forma lauk hartzen dute erakusketa-espazioa, eta eskultura-bolumenak sortzen dituzte estrusio-, biraketa- eta mihiztadura-mugimenduetatik abiatuta. Proiektua kosmetika hitzaren etimologiaren berri izatean sortu zen, apaindu edo edertzeari zein ordena unibertsalari egiten baitio erreferentzia.
Grezia zaharrean kosmetai zeritzen gorputza zaindu eta apaintzeaz arduratzen zirenei, baina baita estatuak eta arkitektura edertzen zituztenei ere. Alde estrukturalaren eta zentzu estetikoaren arteko harreman estu hori baliagarria zaio artistari bere buruari galdetzeko nola egin eskultura apaindurarekin, gorputzarekin edo femeninotasunarekin zerikusia duten keinuetatik, eskultura zerbait astun, industrial eta irmotzat hartzen duen ideiari kontrajarrita. Lanak arkuak, altzariak, moda-patroiak, gorputz-zatiak edo forma gestaltikoak (Rubinen Kopa) hartu ditu artistak oinarritzat, eta eguneroko materialak erabili, hala nola egurra, xaboia, makillajea edo depilatzeko argizaria”.

Maiatzaren 11n, artistak jendearentzako lantegi ireki bat eskainiko du, proiektua egituratzen duten pieza eta kontzeptuekin lotutako irudiekin lan egiteko. Aldez aurretik izena eman behar da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button