EZLEKUBAT

Sacco: “Inkontzienteak lan egin dezan utzi dugu”

Irungo Sacco hirukoteak iazko Durangoko Azokan aurkeztu zuen lehenengo lana, binilozko LPa, Bidehuts kolektiboaren laguntzaz. Azken orduan iritsi zen lana, eta apur bat oharkabe igaro bada ere, proposamen interesgarria da Sacco.

Lisabö herrikideekin lotura zuzena duen taldea da Sacco, izan ere, Xabi Zabala (ahots eta baxua) Lisabön aritu da, eta Ander Zabalegi (bateria) Lisabokö Iban Zabalegi bateria-jotzailearen anaia da. Hirukotea, Borja Toval gitarra-jotzailearekin osatzen da. Hori gutxi balitz bezala, Lisaböko kide Javi Manterolak, bere gitarrak sartu ditu Inoiz Itzaliko Haiz kantuan. 2013ko uda eta udazkena bitarte garbatu zuen Karlos Osinagak diskoa, Bonberenean.

Hortaz, lagun artean eginiko diskoa da. Ondokoa dio Jabi Manterolak diskoaren harira: “Ezin dut objektiboa izan, ez dut objektiboa izan nahi, anaiak ditudalako… Ordu asko elkarrekin bideetan, kontzertuetan, kaleetan…”. Lisabörekin duten adiskidetasunaz gainera, Saccok antzeko sonoritateak lantzen ditu; alegia, euskaraz abestutako post-hardcore intentsua eta errepikakorra. Batzuetan melodikoa eta zaratatsua; beste batzuetan, berriz, matematikoa. Bada, Xabi Zabalarekin mintzatu gara taldearen berri izateko asmoz.

Diskoa iazko Durangoko Azokan aurkeztu zenuten, azken orduan iritsi zen, eta apur bat ezkutuan igaro dela ematen du. Hala, oraintsu ikusi ditugu lehenengo iruzkinak zenbait tokitan, eta era berean, hasi berri zarete kontzertuak egiten. Zer gertatu da diskoa plazaratu eta orain arte izan den isilaldi horretan?

Pausoak mantso eman zaleak gara, ahal denean behinik behin. Honela sentitzen gara erosoen. Diskoa ateratzeak esfortzua exijitzen du, eta errekuperazioa garrantzitsua da. Orain kontzertuak hasi dira, baina honetan ere ez dugu buru-saturaziorik nahi. Urte beteko semea daukat, eta honek lehentasunen ordena irauli du. Beraz, lasai eta suabe ibiltzea da honetaz gozatzeko estrategia egokiena.

Kontzertuen harira, Europan izan zarete, ezta? Nolakoa izan da esperientzia? Bestalde, nola ari da jendea erantzuten lehenengo kontzertu horietan? Oraintsu Andoaingo gaztetxean izan zarete Eten eta Diana Lagarto taldeekin batera, eta giro izan zela jakin dugu.

Europa, gehiegi esatea da, kar, kar. Hiru kontzertu izan dira, Herbehereetan eta Belgikan. Lagun artean bizitako esperientzia izan da. Toil oreretarrekin batera antolatu genuen bidaia. Bi furgoneta bete genituen,17 lagun; beraz, publikoa gurekin eraman genuela esan daiteke. Bost egunotan denetarik pasa da, puf!, gehiegi luzatuko ginateke gertatutakoak kontatzen hasiko banintz. Bi furgoneta 17 txinpantzez betea, hori da bidaiaren laburpena. Bestalde, hemengo kontzertuei dagokienean, oso pozik gaude. Lokal txikiak eta gaztetxeak gure habitat naturala dira, bai espazioarengatik, baita giza tratuagatik ere. Gainera, giroa baloratzean, nahiago izaten dugu kuantitatiboki baino kualitatiboki hitz egin (honelako kontuekin aritzen gara, kontzertuetara jende gutxi erakartzen dugunok, kar, kar). Orain serio, zortea eduki dugu, eta orain artean giro oso ona eduki dugu kontzertuetan. Andoaingoa aipatu duzu, eta hala izan zen, baina aipatuko nituzke Gasteizko Ibu Hotsen eta gure lagun Ramonen garajean emandakoak ere, horietan bereziki gustura egon ginen.

Diskoa 2013ko uda eta udazkena bitarte grabatu zenuten Karlos Osinagarekin. Disko hori agertu arte, apur bat itzalpean izan zarete. Zergatik?

Hasteko buruak nahiko motel funtzionatzen digu hiruroi, beraz ez da harritzekoa. Gainera, ez gara programaketan oso trebeak. Nolabaiteko programazioak egiten saiatzen bagara ere, horrek ez digu ziurtatzen bidetik aterako ez garenik. Akaso, planifikazioak egiteari utzi beharko genioke… auskalo! Gainera, diskoaren fabrikazioan edukitako arazo eta akatsei, denbora tarte honetan taldekideoi geure bizitzetan suertatu zaizkigun, eta Saccorekin zerikusia ez duten, bestelako kontuak gehitu behar dira. 

Bide horretan behin eta berriro agertzen den izena Lisabö da. Lagunak ez ezik, influentziatzat jotzen duzue?

Kontua da, lokalean entseatzeko elkartu ginenean, orain dela urte mordoxka bat, elkarrekin musika joz denbora pasatzea zela gure xede bakarra. Motibazioa ez zen, musika estiloari dagokionean, zerbait iraultzailea egitea. Ez genekien inoiz kontzerturik emango genuen ere. Tabernan trago batzuk hartu beharrean, noizbehinka entsegu lokalean hartzen genituen garagardoak. Ez genion inolako iragazkirik jartzen egiten genuenari. Gustukoa bagenuen, balio zuen. Ez da bidaia gidatua izan. Inkontzienteak lan egin dezan utzi dugu. Eta inkontzientean zer dago? Bada, geure bizitzen soinu banda, bertako eta kanpoko musika taldeek osatutako soinu banda, baina, indar handiagoz ariko da beti gure ingurukoa, herrikideek sortutakoa. Gertuago ditugulako, ikusten ditugulako, ezagutzen ditugulako, besteak beste, Negu Gorriak, Dut eta Lisabö genituen hurbilen nerabezaro-gaztaroan, nola ez genuen ba horiekin flipatuko Moskuko petrilean ikusten genituenean? Horiek entzunaz eta aisialdi-espazio bera partekatuz hazi gara, luxu bat.

Sekula ez dugu hutsetik sortu. Ez dakigu hori egin daitekeenik ere. Erreferentziak, ezinbestean, lagungarri zaizkigu. Ezin izan da beste era batean izan. Burua erreferentziaz betea dugu; erritmo, doinu eta sentsazioz betea. Horiei tiraka aritzen gara. Horregatik eta aurretik esandakoarekin, beraz, egia da gure influentzien artean Lisabö dugula, beste batzuen artean gure sorkuntzan eragin du. Ez dugu ezkutatzen, naturaltzat dugu. 

Egia esango dizut: diskoaren lehenengo entzunaldietan Lisabö etorri zait burura behin eta berriro, baina diskoan sakondu ahala ezberdintasunak nabaritu ditut, batez ere ahotsen tratamenduan (hor ere antzekotasunak dauden arren). Ados al zaudete?

Ados egon naiteke. Dena den, Lisaböko kide ere izateak Sacco beste era batera ikustera eramaten nau. Berdintasun eta ezberdintasun zerrenda diferentea egingo genuke ziur.

Behin baino gehiagotan esan dut Euskal Herriko talde interesgarrienak post-hardcore estilotik sortu direla, Fugazi, Shellac eta antzekoen itzala luzeegia dela, alegia. Eta bestalde, beste estilo batzuk, tartean, psikodelia, folka edo garage-rocka, gutxi garatu direla. Ados al zaudete?

Ba ez dakit zer esan…  ez dut gehiegi sakondu gai horietan. Gure kasuan onartu behar dugu Fugazi eta Shellac-en gerizpean goxo egon garela beti.

Gure gustuetara begiratuz, hiruron artean aukera zabala egingo genuke. Apalategiko diskoei begiratzea besterik ez dago. Baina gure kasuan, elkartzen garenean ateratzen zaiguna, edo bestela esanda, elkarrekin egiten dakiguna post-hardcoretik hurbilago dago folketik baino. 

Horren harira, uste al duzu Bidasoaldean, edo hobe esanda Hondarribi eta Irun inguruan, DUTek eta Lisabök irekitako bidearen ondorioz ezaugarri jakin batzuk dituzten taldeak sortu direla?

Bai, baina ez dira bakarrak izan gure eskualdean bertakoontzat erreferentzia izan direnak. Bestelako soinuek ere gogor jo dute inguruotan. Burura kolpean batzuk datozkit: Beti Mugan, Lif, Kortatu, Vomito, Negu Gorriak, Sorotan Bele, Bad Sound System, Kuraia, Pinbol, Layo Raser, Bort, The Dirty Pink Ladys, Jupiter Jon eta abar luze bat, oso ezagunak eta ez hain ezagunak, baina ezaugarri aldetik anitzak. Gustu guztietarako.

Zuen soinuan garatzeko asmorik al duzue? Bigarren disko bat lehenengo honen antzeko irudikatzen duzue? Edo sonoritate aldetik, bestelako urratsak emango zenituzkete?

Nik uste, gorago aipatu dudan inkontzientzia fasean baino kontzienteago garela egun. Lehenago, elkartzea zen helburu bakarra, orain, elkartzeaz gain, sortutako kantekin zer edo zer egitea da helburua; beraz, egiten dugun horretan arreta gehiago ipintzen saiatzen gara. Horrek garapen bat egoteko aukera eman dezake, baina ez dut uste mutur batetik besterako aldaketa sekula izango denik. Dena mantso egiten dugu, den dena.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button