
Aste honetan, martxoaren 27tik 31era bitartean, Beratu musika jaialdiaren bigarren edizioak soinuz beteko du Oñati.
Bihar bertan abiatuko da ekimena Lou. Dantzan jo ta ke, hankak lehertu nahian dokumentalaren emanaldiarekin. Euskal rock erradikalaren garaian oholtzan kantari ikus zitezkeen emakume bakanetako bat izan zen Lou Olangua (Zarautz, 1960-2013). Bere bizitzari buruzko dokumentala ikusi eta egileekin hitz egiteko aukera egongo da.
Martxoaren 29an, Leire Palacios eta Olatz Salvador elkarrizketa musikala egingo dute, eta horren ostean, Antixena Gaztetxean, 22:00etan, Ainara LeGardon musikariak kontzertua eskainiko du.
Martxoaren 30ean, Beratu Lab Jardunaldiaren barruan, Ainara LeGardonek Taller de Autogestión Musical izeneko topaketa egingo du. Arratsaldean eta gauean kontzertuak programatu dira: Juan Valls Trio eta Madelaine taldeak, 18:00etan, San Lorenzo ermitan, eta Elena Setien, Vulk eta Atom Rhumba, 21:30ean, Gaztelekuan.
Azken egunean, beste gauza askoren artean, UsoPop Jaia antolatu dute, Unama eta Orbel taldeekin.
Xehetasun guztiak Beratuk ditu.