MUSIKA

Za!, Mursego, Dual-Split, Asuna eta Oddateee, Kaiola festibalean

Maiatzaren 28an, Kaiola festibala egingo da estreinakoz Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean, 19:00etan, eta sarrera doakoa izango da. Jaialdian hauexek parte hartuko dute: Za!, Mursego, Dual-Split, Asuna eta ODDATEEE. Jaialdian askotariko soinu eta estiloak jasoko dira, baina esperimentazioa gailenduko da; tartean, hip-hop erritmoak, synth-pop giroak, jostailuen bidezko soinuak eta tarte inprobisatuak.

Musikarien harira, Za! eta Mursego aski ezagunak dira. Lehenengoak Bartzelonakoak dira, eta askotariko estiloak (metal, hardcore, erritmo tropikalak, jazz…) nahasten dituzte haien proposamenean; zuzenean, gainera, itzelak dira. Mursego Maite Arroitajauregi musikari eibartarraren bakarkako egitasmoa da, eta agertokian bakarrik aritzen da hamaika instrumentu eta loop pedalen laguntzaz.

Dual-Split Maia eta Baptiste Ibar anaia-arreben egitasmoa da. Frantziarrak izanagatik ere, haien proiektu musikala New York hiriko Brooklyn auzoan eratu zuten, 2010ean. Kaila festibalaren arabera, “Teklatuz beteriko bidaia ederra, pop psikodelikoa eta Maiaren ahotsa protagonista zuena. Bere ahotsa, goxoa, hipnotikoa eta pertsonala da. Baptisteren baxua bizi eta sakon entzuten da”.

Asuna Arashi, berriz, soinu-artista japoniarra da, eta bere egitasmoan askotariko instrumentu eta jostailuak biltzen dira. “Jaialdian 100 toys proiektuarekin aurkeztuko zaigu. Era guztietako jostailuak erabiltzen ditu, aparatu elektronikoak, gitarra, eta bestelako objektuak soinu collage bat eginez, musika elektronikoa, hip-hop­a, hardcore punk­a, lo­fia, etab”.

Azkenik, Ricky Galindez Oddateee Puerto Rico herrialdean jaiotako hip hop musikaria da,baina txikitatik New Yorken bizi da, izan ere, hiri horretako hip-hop undergroundean aritzen den musikaria da. Hainbat musikarirekin aritu da, eta estilo propioa duen sortzailea da. Galdakaon disko berria aurkeztuko du. “Musika zuzena, hip­hop iluna. Berak bakarrik egiten du taulan gainean gertatzen den guztia, scratch eran, bere abesteko erak ez du inor hotz uzten”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button