MUSIKA

Viva Bazooka eta Borrokan taldeen lan berriak

Gasteizko Viva Bazooka bikoteak iraupen laburreko bi disko berri plazaratu ditu:  lau kantuko Bum! Bum! Brazil! eta hiru doinuko The Arty Sessions; azken horretan, gainera, Artyom Mikhaylovskiy baxu jotzaileak parte hartu du.

Viva Bazooka bikotea Rafa Bataglia paraguayarrak (bateria) eta Hasier Amaiah gasteiztarrak (gitarra) osatzen dute, eta aurretik beste bi lan plazaratu zituzten: Espeluznante Acción De Entrelazamiento Vol. 1, 2012ko irailean, eta Adelante Punk, Báilame El Día, 2012ko abenduan.

Lan berrien harira, Bum! Bum! Brazil! binilozko singlea Madrilgo Brazil estudioetan grabatu dute, aurten, Javier Ortiz teknikariaren gidaritzapean. The Arty Sessions ere aurten grabatu da; hiru kantuko disko horretan Artyom Mikhaylovskiy baxu-jotzailearekin aritu da bikotea; alegia, hirukote gisa grabatu dute lan hori: bateria, gitarra eta baxua. Gasteiztarren disko guztiak vivabazooka.bandcamp.com webgunearen bidez entzun daitezke.

Honatx Nontzeberrik bikoteari 2013an eginiko elkarrizketa.

Borrokan nafarren “Zuak”

Bestalde, Berako Borrokan taldeak, laster, bere hirugarren lana argitaratuko du, Zuak, bi urtez jo gabe izan ostean, eta dagoeneko Landareak eta paretak doinua entzungai dago ertza.net webgunean.

Mikel Lertxundi (bateria), Joseba Lertxundi (ahotsa), Iñaki Iratzoki (gitarra), Ibai Gogortza (gitarra, saxoa eta ahotsa) eta Iñigo Telletxeak (baxua) osatzen dute taldea, eta lehenengo lan homonimoa 2002an argitaratu zuten;  Hitzez ulertu ezin dena omendu nahi nuke, Oraintxe!, berriz, 2007an. Dagoeneko, lan berriko kantuak zuzenean aurkezten ari dira; esaterako, otsailaren 21ean Deustuko Gazte Lokalean izango dira Eten bikotearekin batera. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button