EZLEKUBAT

Bonito Editorial, lilura eragiteko ipuin ilustratuak

Elisabeth Perez (Barakaldo, 1988) idazle eta ilustratzaileak, Bonito Editorial izeneko argitaletxea abiatu du; orain arte bi liburu argitaratu ditu: Calabazas eta Memoria de un Pez Bueno. Biak ala biak berak idatzi eta marraztutakoak. Arte Ederretan lizentziaduna, ikus-entzunezko espezialitatean, erabat maiteminduta dago ipuin ilustratuekin. Bildumazale amorratua da, eta bere asmo nagusiak jendeak bere liburuak erostea da, berak egin ohi duen bezala, gozatu, irakurri eta apalategian gorde ditzan.

Nola bururatu zaizu argitaletxea abiatzea bizi dugun krisi garai honetan? Hori gutxi balitz, enpresa-proiektuetan kudeatzen ez zarela batere iaioa diozu.

Nik idatzi eta ilustratutako ipuinak denbora luzez izan ditut maleta baten barruan, nire inguruko lagunek baino ezin zituzten irakurri, eta batzuetan baino ez; azkenik, iaz, nire aurrezkiekin tontortxo bat egitea lortu nuen, eta erabaki hori hartu nuen.
Jende askok galdetzen zidan, ea zergatik ez nuen ezer argitaratzen; beraz, gero eta argudio gutxiago nituen haiei erantzuteko…

Krisiarena aitzakia itsusia iruditzen zait, eta are gehiago horrelako proiektu bat gelditzeko bada; finean, ez dut dirua irabazteko egin, izan ere, helburua da argitaratutako bi ipuinetatik ateratakoarekin liburu berriak plazaratzea. Zenbakiekin desastre hutsa izan arren, dudan ilusioak ematen didan indarrak, oztopoak gainditzen laguntzen dit.

Halaber, badiozu jarduteko modu horren bidez, argitaletxeen galbahea saihesten duzula. Editorialek filtro gehiegi jartzen dizkiete autoreei? Sormena mugatzen al dute?

Ez beti; badira artea eta liburuak biziki maite dituzten editore zoroak, egitasmo zoragarriak plazaratzen dituztenak. Halere, orokorrean, galbahe asko daude. Argitaletxeak negozioan ari dira, eta liburu bat argitaratzeko erabakia salmentekin lotzen dute, hala, editore izanda, zurea ez den proiektu batez fidatzen zara asko-asko gustatzen zaizulako, edo badakizulako funtzionatuko duela. Eta funtzionatze hori da, hain zuzen, arazoa, “sal daitekeela” delako kontzeptu hori, sekulako akatsa da, publikoarentzat “ezustekoak” izan daitezkeen liburuen aukerak asasinatzen direlako. Ni publiko horretaz fidatzen naiz, eta publiko horri zuzentzen natzaio, ezusteak eta gauza ezberdinak espero dituen publiko horri. Editore estandar baten iritziz, nire ipuinak, agian, ez lirateke errentagarriak izango, ez eta argitaratuko, baina niri gustatzen zaizkit, eta nire estiloa aldatu baino lehen, edo nire proiektuak hain zainduak ez dauden formatuetan argitaratzea onartu baino lehen, nahiago du nik neuk plazaratu. Dena dela, filtroak nonahi daude: banaketan, liburu-dendetan…

Zerk eragin dizu poztasun gehien editore lan berri horretan?

Bada, asko dira. Hasteko, ipuinak plazaratzea; oztopoak gainditzea, asko baitira; gustuko ditudan materialak aukeratzea. Buruan zeneukan liburua paperean ikusten duzunean, sentsazio ederra da: usaina, orrialdeek pasatzerakoan egiten duten soinua, eskatu zenuen pantone zehatza…

Une are ederragoa izan zen lagunek eta senitartekoek estreinakoz eskuetan izan zituztenean; poztasun horrek negarra ere eragin zidan. Emozio handi da, egia esan, abentura izugarria izaten ari da.

Ipuin ilustratu asko metatzen dituzu. Zure liburuekin beste lagun batzuk gauza bera egitea espero duzu?

Jakina! Hori da kontu guztiaren giltzarria. Makina bat ipuin ilustratu daukat, azken hamar urteotan bildu ditut; batzuetan, gustuko dudan ilustratzaileen lanak eduki nahi ditudalako biltzen ditut, bai eta niretzat ezustea direlako ere. Ulertzen ez ditudan hizkuntzetan idatzitakoak ere erosten ditut; dendetatik altxorrak erreskatatzea bezalako zerbait da, gero, nire estudioko apalategian ordenatzeko. Badakit nik egiten dudan gauza bera egiten duen jendea badagoela!

Horregatik, ez nau beldurtu nire liburuak ez erosteak, garestiak direlako, garestiak dira kontu handiarekin eginak daudelako, eta erabilitako materialengatik eta formatuagatik. Agian, norbaitek ez ditu 30 euroak izango liburu batean gastatzeko, baina liburu ezberdin bat denez, atzetik zurrumurrua etorriko zaio, eta, ahal duenean, bueltatuko da saltokira. Eskuratu eta gero, gainera, ondo gordeko du; nik ere horrela egiten dut.

Zer izan behar du liburu ilustratu batek zure etxeko apalategira iris dadin?

Bat-bateko maiteminaren antzera gertatzen zait, zerbaitek grafikoki txunditzen nauenean, edo koadernaketa batek, materialen konbinazioak, edo ipuina “benetakoa” dela iruditzen zaidanean, dela istoriogatik, dela ilustratzailearen arimarengatik…

Egun, modak ilustrazioaren freskotasuna txikitzen ari dira, eta errazegiak diren istorioak ere ez zaizkit gustatzen; beraz, hortik kanpo dagoen zerbait ikusten dudanean, amuarrain bat izango balitz bezala arrantzatzen dut, eta etxera eramaten dut.

Eta zure bi liburuek, Calabazas eta Memoria de un Pez Bueno, zer dute?

Memoria de un Pez Bueno ipuinak nire izeba Angelesen pentsamenduak gordetzen ditu, memoria galdutako burutik ateratzen zitzaizkionak. Bi ikuspegi gordetzen eta batzen ditu, bi paper mota ezberdinetan, berak ikusten zuena, eta nik ikusten nuena. Tristura eta gozotasuna, bere ondoan bizi nituenak. Jendea hunkitu egiten da irakurtzen duenean. Duela hiru urte idatzi nuen, eta ilustrazioak zerikusi gutxi daukate gaur egiten ditudanekin. Baina benetako liburua da, eta ez nuen ezer aldatu nahi izan.

Calabazas, berriz, erabat ezberdina da, nire lan berriena da, eta egun, collageetan murgilduta nago. Sentsazioen eta hitz-jolasen ingurukoa da. Ilustrazioak potentzia handikoak dira, materia asko daukate, eta testuak oso abstraktuak dira. Orrialde bakoitza kalabazak munduan zehar egiten ari diren bidaiaren zati bat da.

Istorioak kontatzen dakizula baieztatu duzu. Nola iristen dira istorio horiek zure burura? Ametsetan, anekdotek pizten dituzte…

Denetarik gertatzen zait; modu guztietan idatzitako ipuinak ditut: koadernoa burkoaren azpian dudala egiten dut lo, eta beti eramaten dut poltsan; gertatu zaizkidan gauzetatik sortu direnak ere badira (aitonaren heriotza, izebaren gaixotasuna…); Calabazas koadro abstraktu batetik sortu zen; marrazkietatik, edo arreta piztu didaten kontuetatik, esaterako, elefanteek zutik egiten dutela lo.

Norentzat egiten dituzu? Akaso ipuinak “umeen gauzak” baino ez dira?

Inondik ere, kezkak dituzten pertsonei zuzenduta daude, direla garaiak, direla baxuak. Ez dira egitura klasikoa duten ipuinak bilatzen dituztenentzat, nire ipuinek irakaspena duten ipuinak izan arren. Argitaratu ditudan biak gehiago gozatuko dute helduek, gaia dela-eta, baina ni, lau urteko umeen irakaslea izanda ikastetxe batean, badakit adinaren kontua ez dela garrantzitsua. Pertsona bakoitzak bere irakurketa egiten du, eta hori da ederrena.

Non eskura ditzakegu zure lanak? Banaketa oso lan nekagarria da, ezta?

Banaketa lan nekezena da; Balleza Infinitak banatzen ditu nire liburuak. Bilbon, Garabat eta Anti dendetan eros daitezke, eta Barakaldon Milo’s saltokian. Apirilaren 26an, gainera, erakusketa txiki bat egingo dugu Bilboko Aerre gunean; erakusketa horretan, liburuak erosi ahalko dira. Beste aukera bat online erostea da Bonito Editorial webgunearen bitartez. Orain arte inbertitutakoaren %20 berreskuratu du, prozesu motela da. Horrekin batera, gehiago zabaldu behar ditut, jendeak eskura ditzan.

Argitalpen berririk egiteko asmorik duzu? Zure liburuak baino ez dituzu argitaratuko edo baita beste autore batzuenak ere?

Bai, bai, hasiera baino ez da. Ipuin gehiago ditut maletan, eta idazten jarraitzen dut. Hasiera batean, nire liburuak plazaratzen jarraituko dut, baina duela hilabete, beste batzuen lanak argitaratzeaz pentsatzen hasi naiz. Inguruan talentu handiko lagunak ditut, eta elkarlanean aritzea gustatuko litzaidake.

Momentu honetan, bi proiektu berri ditut buruan: orain egiten ari naizen liburua munduko libururik tristeena da, Saturnina da bere izenburua, eta formatua oso anarkikoa da, beraz, ukitu dibertigarria dauka, tristeen artean tristeena izan arren; besteak, berriz, Mis Señores du izenburua, eta umeentzako liburua da: kolorez betetako collageekin egina, eta istorio eder eta dibertigarria biltzen du. Gauzak ondo ateratzen dira, hemendik urtebetera jendearen apalategiak bete ahal izateko nire istorioekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button