
Korrika Kulturalaren karietara, martxoaren 3an, Xalbador, izena eta izana dokumentala eskainiko da Kanbo herriko L’Aiglon zinegelan, 20:30ean. Eneko Dorronsororen filma euskaraz emango dute, azpi tituluekin frantsesez.
Eneko Dorronsoro zinegileak egindako Xalbador, izana eta izena dokumentala joan den urteko larrazkenean aurkeztu zen Hazparnen. Harrezkeroztik Hego Euskal Herrian ikusteko abagunea ere egon da Durangoko Azokan, eta beste hainbat txokotan. Fernando Aire Xalbador bertsolariari buruzko dokumentala bertsolariaren lau seme-alaben kontakizunean oinarritu da.
“Ezagunak dira Xalbadorren bertsoak ; ezaguna txistuak txalo bihurtu zitueneko eguna. Eta ezaguna da Xalbadorren heriotzaren dramatismoa : bere jaioterrian, omenaldi bat egiten zitzaion bitartean. Sortze-izenez Ferrando, Urepeleko Xalbadorrenia etxaldean sortu eta eta bizi izan zen. Artzain-laboraria zen ogibidez ; baina bertsoari eskaini zion bizia. Bere lau seme-alaben bitartez egin dut Xalbador bertsolariarengandik Ferrando laborariarenganako bidea ; eta aurkitu ez badut ere, Urepeleko mendi hegaletan bere ahotsa entzun izanaren irudipena daukat. Kantari ari zen”



