
Lehiaketa honetara bidali beharreko lanen gaia artea izango da, artea edozein adierazpen-modutan: musika, antzerkia, arte plastikoak, dantza, literatura…. Lanak onartzeko epea otsailaren 8tik otsailaren 29ra bitartekoa izango da.
Antolatzaileen arabera, lehiaketaren bidez “ikusteko estimulu iradokitzaile bat lortu nahi da, argazki bidezko irudien bitartez. Irudiok jarduera artistikoa modu erakargarrian ikusten lagunduko dute, artea eratu, sortu, erakutsi edo kontsumitzeko aldietako edozeinetan”.
Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi argazki aurkeztu ahal izango ditu, originalak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketetan saritu gabeak. Edozein teknika onartuko da: digitala nahiz laborategikoa, zuri-beltzean edo koloretan.
Egileak, hautatua izaten bada, honako baldintzak errespetatuko ditu: argazkiak horizontalean edo bertikalean aurkeztuko dira, lanak ezinbestean 50 x 60 cm-ko passe-partout batean muntatuak; argazkiaren atzeko aldean izenburua idatzi behar da.
Honako sariak ezarri dira: Lehenengo saria, 1000 €; bigarren saria: 700 € eta hirugarren saria: 400 €. Bi accesit ere ezarri dira, 150 eurokoa bakoitza.
Epaimahaiaren aukeraketa zein izan den martxoaren 17an jakinaraziko da, eta irabazleak zeintzuk diren apirilaren 15ean. Sari-banaketa erakusketaren inaugurazio egunean egingo da, Ibaiondoko gizarte etxean, maiatzaren 19an.



