ARTEA

Grabatuaren eta paper gaineko artearen festa, Bilbon

Azaroaren 23tik 26ra bitartean FIG Bilbao egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian. Azokak, XII. edizio honetan, tokiko eta nazioarteko berrogei galeria eta inprimaketa-editore baino gehiago bilduko ditu. Japonia, grabatuaren sorlekuetako bat dena, aurtengo herrialde gonbidatua izango da.

FIG Bilbao 2012. urtean sortu zen, eta grabatuaren eta paper gaineko artearen inguruko azokarik garrantzitsuena da Europako hegoaldean. Artea maite dutenek aukera ederra izango dute Chillida Genovés, Feito, Canogar, Saura, Zóbel, Tápies, Millares, Bonifacio, Ruiz Balerdi eta Isabel Muñoz maisu handiren lanak ezagutzeko, baita karrera ertaineko artistenak eta talentu berrien lanak ere. Hortaz, Euskalduna Jauregira hurreratzen den bisitariak sortzaile berrien artelan eskuragarriak, eta balore ekonomiko handiagoa duten artista ospetsuen artelanak topatuko ditu. Bildumagileek, artistek, grabatzaileek, ikasleek eta artezaleek ehunka urte dituen teknika horren azken joerak ikusi ahal izango dituzte, bai eta aldi berean egiten diren ekintza dibulgatzaile anitz ere.
Horiek guztiek, azoka baino gehiago, jaialdi bihurtzen dute hitzordu hau.

Bestetik, Open Portfolio lehiaketaren zortzi finalisten artelanak ikusi ahal izango dira azokan. Horien hautaketa, epaimahai profesional batek egin zuen urtean egin diren bi deialdietan; lehenengoa Buenos Airesen eta bigarrena Bilbon. Gainera, Álvaro Siza margolari eta arkitekto portugesaren erakusketa ere ikusgai izango da bertan.

2024ko urtarrilaren 10ean Eduardo Chillida eskultorea jaio zeneko ehun urte beteko dira, XX. mendeko espainiar artista unibertsalenentako bat. FIG Bilbao ospakizun horrekin bat egingo du; eta, horretarako, Koldobika Jauregui artistak mahai-inguruan hitz egingo du beren lanari buruz; hain zuzen, euskal artista biek, maisuak eta dizipuloak, nola erabili dituzten papera eta grabatu teknikak beren lanetan.

Artea eta Emakumea mahai-inguruan emakume artista bat gonbidatzen da urtero, zirkuitu artistikoen barruan emakumeak ikusarazteko xedez. Emakume artista baten irudiari eta horrek kulturaren eszenan duen protagonismoari buruzko hitzaldia da. Aurten, Bartzelonan bizi den Mari Ito artista japoniarra eta Alejandra Rodríguez Cunchillos arte historialaria eta komisarioa izango dira bertan. Begoña Zubietak, EITB Euskal Irrati Telebistako kazetariak, moderatuko du.

Egunez eguneko programazioa: FIG Bilbao.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button