
Andoaineko Bastero Kulturgunearen Auditoriumean Debekatuta dago oroitzea dokumentala proiektatuko dute gaur, 18:30ean. Emanaldiaren ostean, solasaldia izango da Maria Gorosarri kazetari eta ikertzailearekin.
Txaber Larreategik eta Josu Martinezek zuzenduriko filmak 1936ko gerra osteko errepresio eta espetxetako unibertsoa erakusten du, Saturraraneko emakume kartzelaren kasua aztertuta.
Izan ere, Saturraraneko hondartzan izan zen emakume kartzela (1937-1944) Espainiako gogorrenetarikoa izan zen. Aurretik bainuetxe eta seminario izandakoak 2000 emakume izan zituen, eta jatorriz 700 lagun hartzeko egin zen eraikina.
Kartzela 1944an itxi zen arren, ez zaizkigu bertan izandako emakumeen testigantzak iritsi, Txaber Larreategik eta Josu Martinezek Debekatuta dago oroitzea estreinatu zuten arte, 2010. Urtean, hain zuzen ere.
Andoainen izango den proiekzioa eta gero, Maria Gonzalez Gorosarri kazetari eta historialariak sasoi hartako testuingurua jorratuko du eta hainbat galderari erantzungo dio.